Zarautzen abiatuko dute KAE 1 liga asteburuan, jardunaldi bikoitzarekin

Aritz Mutiozabal 2015eko ekainaren 19a

Gipuzkoako Emakumezkoen VI. Traineru Ligako bigarren jardunaldia ere Zarautzen jokatuko dute igandean. ZAEk denboraldiko aurkezpen ekitaldia egingo du gaur, Musika PlazanTraineru denboraldia asteburu honetan abiatuko da, eta lehenbiziko aldiz KAE 1 mai...

Gipuzkoako Emakumezkoen VI. Traineru Ligako bigarren jardunaldia ere Zarautzen jokatuko dute igandean. ZAEk denboraldiko aurkezpen ekitaldia egingo du gaur, Musika Plazan

Traineru denboraldia asteburu honetan abiatuko da, eta lehenbiziko aldiz KAE 1 mailan bi eguneko estropada jokatuko da. Bi jardunaldiak Zarautzen jokatuko dituzte. Larunbatean zein igandean VI. Zarautz AE Ikurrina-Ekolo Saria egongo da jokoan, eta bi egunetako denboren baturak kontuan hartuta erabakiko da garailea. Edonola ere, jardunaldi bakoitza ligarako puntuagarria izango da bere horretan.

Egutegiak hala eskatuta jokatuko dituzte jardunaldiak asteburu honetan. Izan ere, orain artean, estropada hauek abuztuan jokatu ohi izan dira, Amabirjin jaien barruan. Baina «aurten abuztuaren 15a larunbata izanik, eta San Miguel Ligako estropadak direla-eta, gure estropadetako data moldatu egin behar izan dugu», jakitera eman dute Zarautz Arraun Elkarteko ordezkariek.

Bihar, 17:00etatik aurrera jokatuko da, eta igandean, berriz, 12:00etatik aurrera. Aurten KAE 1 multzoan eskualdeko lau traineru lehiatuko dira; hau da, Getaria, Orio B, Zumaia eta Zarautz. Horiez gain, Deusto-Bilbao, Lekittarra, Elantxobe-Idar, Donostiarra, Santurtzi-Iberdrola, Ondarroa, Pedreña eta Santoña ere lehiatuko dira KAE 1 ligako jardunaldietan.

Igandean, era berean, Gipuzkoako Emakumezkoen VI. Traineru Ligako 2. jardunaldia izango da. Gizonezkoen aurretik, 11:30ean hasita, jokatuko dituzte estropadak, eta parte-hartzaileen artean eskualdeko beste hiru ordezkari ariko dira nor baino nor: Orio, Getaria-Zarautz eta Zumaia. Gainerako traineruak honako hauek: Hibaika, Donostiarra, San Juan, Hernani, Oiartzun eta Colindres. Igandeko jardunaldia telebistaz jarraitu ahalko da.

Aurkezpena gaur 19:00etan

KAE 1 ligan 14 jardunaldi izango dira guztira, eta horietatik sei, eskualdean jokatuko dira. Lehenbiziko biak, Zarautzen izango dira: uztailaren 19an, Orion; Zumaian uztailaren 25ean eta abuztuaren 1ean eta 2an Getarian. Hori, Zarauzkoa bezala, bikoitza izango da.

Zarautz AE Ikurrina borrokatu bezperan, gaur, Zarautz Arraun Elkarteak aurtengo denboraldiko traineruak eta arraunlariak aurkezteko ekitaldia egingo du, gizonezkoak zein emakumezkoak. Musika Plazan bilduko dira guztiak, 19:00etan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide