Pasa den asteburuan ireki zituzten ateak Aiako, Azpeitiko eta Azkoitiko estali gabeko kanpo igerilekuek. Irailaren 13a bitartean egongo dira zabalik.
Pasa den astean ireki ziren Azkoitiko, Azpeitiko eta Aiako kanpo igerilekuak, eta irailaren 13a bitartean izango dira zabalik. Orain arte eguraldiak asko lagundu ez badu ere, asteburu honetatik aurrera jendea gerturatzen hastea espero dute hiru herrietan. Gaztetxo gehienek gaur hasiko dute oporraldia, eta horrek areagotuko du kanpo igerilekuen erabilera.Azkoitiko Ugarteigarango igerilekuan ere espero dute asteburuan jendea gerturatzea, oporraldia eta eguraldi ona baitira ezinbesteko baldintzak kanpo igerikuetan. Ostiralean ireki zituzten ateak, eta jende pixkat batu bazen ere, gaur arte lasai badiltza. Aurreko urteetako balantzea kontuan hartuta, uztaila izaten da hilabeterik indartsuena Azkoitiko instalazioetan. Abuztuan, kanpora bidaiatzeko joera dela-eta, behera egiten dute bisitariek. Ugarteigarandik jakinarazi dutenez, gazteak eta familiak dira nabarmen igerilekuen erabiltzaile nagusienak.
Azpeitiko estali gabeko igerilekuetan, herritarrez gain kanpoko bisitariak izaten dituzte asko uztailean. Urteak dira udalekuetako gaztetxoak taldean gerturatzen direla bertara. Eskualdetik Zumaiatik eta Zarautzetik gerturatzen dira, eta ohikoak dira baita ere Donostia, Lasarte eta Villabonako taldeak. Kanpoko igerilekuek hondartzara joateko ohituretan eragina izan ote duen galdetuta, kostaldera joateko joera mantentzen dela erantzun du Azpeitiko kanpo igerilekuetako harrerakoak, baina beharbada ohitura gutxitu egin dela. Herrian bertan igerilekuak izateak familiei gauzak asko errazten dizkietela irizten baitio. Horixe da erabiltzaile nagusiak familiak izatearen arrazoia.
Aiako Udal Igerilekuetara ere orain hasiko da jendea pixkanaka gerturatzen. Pasa den asteburuan inauguratu zuten mokadutxo eta guzti. San Fermin jaien ondoren egiten du gora nabarmen bisitari kopuruak.
Badirudi asburuan gora egingo dutela tenperaturek. Bien bitartean, gora begira daude bai kanpoko igerilekuen erabiltzaileak, bai kostaldekoak.