Jubeniletan, eskualdeko hiru txirrindulari igo dira podiumera: Zarauzko Aratz Olaizola (Zarauztarra) eta Azpeitiko Oier Ibarguren eta Unai Orbea (Atracciones Sanz).. eneritz albizu lizaso
Aitor Olaziregi (Ampo) txirrindulari zumaiarra bigarrena izan zen asteartean 23 urtez azpiko Gipuzkoako erlojupeko txapelketan. Aizarnazabalen jokatu zuten VIII. Jose Larrarteren Omenezko proba, eta eskualdeko bederatzi txirrindularik parte hartu zuten, haien artean Gorka Etxabe (Parking Geltokia) herriko ziklistak. 23 urtez azpiko lehiaketak zuen ikusmin handiena, eta Mikel Aristi (Euskadi Fundazioa) bergararra izan zen lehen sailkatua. Aristirengandik 24 segundora iritsi zen, hain zuzen, Olaziregi. Bestalde, Xabier Sansebastianek (Euskadi Fundazioa) eskuratu zuen hirugarren postua, Olaziregiren denbora bera eginda.Jubeniletan, Urola Kostakoa izan zen podiuma; izan ere, Zarauzko Aratz Olaizolak (Zarauztarra) irabazi zuen erlojuaren aurkako proba, eta bigarren eta hirugarren izan ziren, hurrenez hurren, Oier Ibarguren eta Unai Orbea azpeitiarrak (Atracciones Sanz).
Indarrak neurtzen
«Oso urduri» sentitu zen Aitor Olaziregi herenegungo erlojupeko proban. «Hasieran azkarregi irten nintzen, eta sumatu nuen erditik aurrera ez nengoela behar bezain fresko», azaldu du. Zapore gazi-gozoa izan zuen, beraz. Hala ere, postu ona eskuratu zuen txirrindulariak.
«Euskadiko txapelketan izan nuen sasoi hura ez nuen sentitu atzo, eta penarekin gelditu nintzen», zioen Olaziregik. Ibilbidean zehar erreferentzia onak jaso zituen, erdi bidera iritsi arte lehen postuan baitzijoan zumaiarra. «Helmugara iristean ez nuen uste bigarren postua eskuratu nuenik», esan zuen. Olaziregiren arabera, zaleek asko lagundu zioten: «Ezagun asko joan ziren animatzera, eta babes handia sentitu nuen, eskerrak eman nahi dizkiet haiei denei».
Aratz Olaizola jubeniletako irabazleak uste du bere garaipena «orain arte eginiko lanaren emaitza» dela. Olaizolaren hitzetan, ondo kontrolatu zituen indarrak, eta sasoiko iritsi zen azken zatian. «Ez nengoen oso urduri, eta oso motibatuta joan nintzen. Joan den urtean bigarrena izan nintzen Aizarnazabalen, eta banekien irabazteko aukerak nituela», azaldu du zarauztarrak.
«Ibilbide egokia» zen asteartekoa Olaizolarentzat, irabazteko helburuarekin joan zen hura hasieratik. Bere hurrengo helburua Gipuzkoako itzulian «lan ona» egitea izango da. Bihar hasiko da itzuli hori, Aian, eta lau egunetan jokatuko da, ostiraletik igandera. Erlojupekoa izango da sarrerako proba.