Iritsi dira sanjoanak Iturriotzera eta Urrestillara

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2015eko ekainaren 18a

Getariako Cristobal Balentziaga kalean hiru egunetako egitaraua prestatu dute, eta gainontzeko herrietan San Joan sua egingo dute hilaren 23an.Sanjoanek uda sasoiko festei hasiera emango diete asteburuan. Aiako Iturriotz auzoan, Azpeitiko Urrestillan e...

Getariako Cristobal Balentziaga kalean hiru egunetako egitaraua prestatu dute, eta gainontzeko herrietan San Joan sua egingo dute hilaren 23an.

Sanjoanek uda sasoiko festei hasiera emango diete asteburuan. Aiako Iturriotz auzoan, Azpeitiko Urrestillan eta Getariako Cristobal Balentziaga kalean jaiak ospatuko dituzte, eta gainontzeko herrietan eta auzoetan, ekainaren 23an, San Joan bezperan San Joan suak piztuko dituzte udari hasiera emateko.

Aiako Iturriotz auzoan bihar bertan abiatuko dituzte jaiak XXII. Mus Txapelketarekin. 21:30ean irekiko dute izena-ematea, eta 22:00etan abiatuko dute txapelketa: bikoteko 30 euro ordaindu beharko dituzte bertan parte hartzeko. Dena dela, antolatzaileek sari ederrak prestatu dituzte, eta lehen lau bikoteentzat izango da saria.

Bestetik, igandean bazkaria egingo dute, eta bertan parte hartu nahi dutenek txartelak Iturriozena tabernan eta Izurtzun jatetxean eskuratu ditzazkete.

Azpeitiko Urrestilla auzoan ere jai giroan murgilduko dira asteburuan. Gazteen Egunarekin emango diete hasiera jaiei, eta hilaren 26an amaituko dituzte, San Joan bezperan prestatzen duten zuhaitzaren entierroa eginez.

Urrestillara autobusa

Urrestillako jaiek ospe handia dute inguruan. Horregatik, beste herrietakoek eta herrigunekoek bertara iristeko autoa hartu beharrik izan ez dezaten autobus zerbitzua antolatu dute hilaren 20rako, 23rako eta 26rako.

Larunbatean 20:00etan eta 22:30ean irtengo da autobusa Azpeitiko anbulategiaren aurretik, eta bueltako autobusa 03:00etan eta 06:00etan aterako da Urrestillatik Azpeitira.

San Joan bezperan 17:00etan, 20:40ean, 19:15ean eta 22:30ean irtengo da Urrestillara doan autobusa, eta bueltakoa 01:30ean, 03:30ean eta 06:00etan abiatuko da Urrestillatik Azpeitira.

Hilaren 26an, ostiralean, 17:00etan, 20:40ean, 19:15ean eta 21:30ean irtengo da autobusa Azpeititik, eta bueltako autobusa 01:30ean izango da Urrestillan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide