Anibarko Portuan dantzan

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2015eko ekainaren 17a

Larunbatean ospatuko dituzte Orioko auzoko festak. Urtero bezala, ez da faltako patata tortilla lehiaketarik, mus txapelketarik, sardin janik eta txotxeko sagardorik.Larunbatean Anibarko Portuan auzoko jaiak ospatuko dituzte, eta Garmendiazpi Auzo Elka...

Larunbatean ospatuko dituzte Orioko auzoko festak. Urtero bezala, ez da faltako patata tortilla lehiaketarik, mus txapelketarik, sardin janik eta txotxeko sagardorik.

Larunbatean Anibarko Portuan auzoko jaiak ospatuko dituzte, eta Garmendiazpi Auzo Elkarteko festa batzordeak dena prest du egun handirako. Urtero bezala, aurten ere egongo dira patata tortilla lehiaketa, mus txapelketa, haurrentzako puzgarriak eta jolasak eta sardina jana eta sagardoa txotxetik, besteak beste. «Urtero antolatzen ditugun ekitaldiak dira, eta arrakasta izaten dute. Normalean eguraldia lagun izaten dugu, gainera, eta auzotarrez gain, herrigunetik jendea ere etortzen da Anibarko Portura», azaldu du Rosi Lazkano auzo elkarteko kideak.

Aurten, berrikuntza bezala, plazan dantza saio bat antolatu dute arratsalde parterako Errebal taldearekin. «Auzo elkartea sortu genuenean Orioko Udalak lokal eder bat utzi zigun, eta bertan zer egin genezakeen aztertzen ari ginela, Jexux Alkortak proposatu zuen taldetxoa sortzen bazen bera euskal dantzak erakuskeko prest izango litzatekeela». Ordutik 10 lagun inguruko taldea biltzen da astero Anibarko Portuan plaza dantzak eta erromeria dantzak ikasteko. Orain urrats bat aurrera eman, eta auzotarrak eta herrigunetik festara etortzen diren herritarrak dantzan jarri nahi dituzte. Beraz, ondo pasatzeko gogoz daudenak ongietorriak izango dira larunbatean Anibarko Portuan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide