Altamirako baratze ekologikoetan izena emateko bigarren deialdia zabadu du Azkoitiko Udalak, eta interesa dutenek ekainaren 24ra bitartean dute horretarako aukera. Aurreneko deialdian izena eman zutenen onartutakoen zerrenda osatuta dago, eta Azkoitiko Udaleko webgunean daude onartuen izen-abizenak eskuragarri. Hala ere, oraindik beste 20 baratze libre gelditu dira, eta bigarren deialdia egin du udalak.
Baratze ekologikoa eskuratzen dutenek betebehar eta baldintza batzuk izango dituze. Derrigorrez parte hartu beharko dute Kutxa Ekoguneak antolatzen dituen nekazaritza eta baratzezaintza ekologikoko ikastaro teoriko eta praktikoetan. Ikastaro hori egiten ez badu, pertsona horrek galdu egingo du partzela erabiltzeko lizentzia, eta hutsik geratuko da tokia. Beraz, hura beteko da itxaron zerrendaren ordena jarraituz.
Baratzeko kideak behartuta daude, gainera, elkarte bat sortu eta bozeramaile bat izendatzera. Udaletxeko teknikariarekin harreman zuzena izatea nahi du udalak, eta elkarlanean kezkak, arazoak, eta bestelakoak bideratzea. Elkarteari eskatuko zaio mantentze-lanen egutegi bat finkatzea Baratza Parkeko beharrei elkarlanean aurre egiteko.
Baldintzak
Hainbat baldintza bete behar dira lursailak lortzeko: Azkoitian erroldatuta egon behar dute esleipenerako deialdia argitu aurretik hiru urtetan behintzat; familia unitate bereko kide bat bakarrik izan ahalko da baratze ekologikoen erabiltzaile; eta ezin izango dute nekazaritza jarduerako beste lursail baten jabe edo erabiltzaile izan; azkenik, zergak ordainduta eduki behar dira.
Baratzeetara animaliak eramatea debekatuta dagoela azaldu dute.