Hilabete luzeena, urteurrena ospatzeko

Ana Abarisketa 2015eko ekainaren 17a

Ibildide luzea darama Matadeixek kulturgintzaren erreferente izaten herrian. Urtero bezala, urteurrenaren hilabetean badago zer ikusi eta zer amestu. 19. urtemuga ospatuko dute larunbatean hasita.Urteurrenaren hilabetea izaten da ekaina Azkoitiko Matad...

Ibildide luzea darama Matadeixek kulturgintzaren erreferente izaten herrian. Urtero bezala, urteurrenaren hilabetean badago zer ikusi eta zer amestu. 19. urtemuga ospatuko dute larunbatean hasita.

Urteurrenaren hilabetea izaten da ekaina Azkoitiko Matadeixen. Urteko egunik luzeenekin bat eginez, mimoz prestatzen dute bertakoek egitarau oparoa. Hemeretzigarrena ospatzen duten honetan musika, antzerkia, lagunartea eta sua aurkituko ditu bisitariak bertan.

Beharbada larunbat hau izango da egunik berezienetarikoa, lagunartean egingo baitute bizipoteoa eta jarraian bazkaria. Gero, musika beltzaren doinuak ekarriko ditu III. Gau Beltzak etxe autogestionatura. Berezia izango da, batez ere, betebeharrak alde batera utzita urtean zehar Mataderoan lanean jarduten dutenek gozatzeko eguna delako. Horren aurretik clown-a eta musika uztartzen dituen Loopas Luthier ikuskizuna izango da. Berrogei minututan kontatuko digu Loopas-ek nola eraikitzen dituen bere musika-tresnak eta ibilbide horretan sortzen duen mundu bereziari errepasoa emango dio ikuskizunak. Izan ere, saio horretako protagonistak ezustekoak izango ditu musika sortzen duen bitartean.

Bapatean zirko taldearen ekoizpena da Loopas Luthier ikuskizuna. Hasieran lau pertsonek osatzen bazuten ere, egun bi lagunek kudeatzen dute taldea, eta horietako bat da Odei Arregi azkoitiarra. Aurretik ere arituak dira Matadeixen Tenderete ikuskizunarekin. Antzerkiaz gain ipuin kontaketak ere egindakoa da Arregi bertan.

Badira sei urte taldea sortu zutena, eta ordutik ez dira gelditu. Taberna ikuskizunarekin hasi ziren orduan, eta gero etorri ziren Pon ta Pa nahiz aipatutako Tenderete. Batez ere kaleko ikuskizunak egiten dituzte, guztiak umorezkoak eta gehientsuenetan adin guztiekin pentsatutakoak. Arregik dio zirkoa clown teknikekin nahastea gustatzen zaiela gehien. Orain zuzeneko musika sartzen hasiberriak dira ikuskizunetan, beti ari baitira eraberritzen.

Antzerkigintzan kasualitatez hasi zela dio Odei Arregik. Zirkuko ikastaroak egiten hasi zen, eta hortik eguraldi onarekin kalera ateratzen. Ikastaro gehiago etorri ziren gero eta, hala, ustekabean amaitu du antzerkiak bere ogibide izaten. Bizitzak ipini dio zirkoa esku artean, eta berak hartzea erabaki omen du. Antzezlan berri bat ere badute esku artean, baina hori aurrerago etorriko da.

Bestetik, Matadeixen datorren astean egingo dute dagoeneko tradizio bihurtu den suaren gaua. San Joan bezperan izango da hori, 23an. Eta, azkenik Akauzazte taldeak itxiko du 19. urtemugaren egitaraua. Disko berria argitaratu berri du, eta Donostian eta Bilbon emanaldiak izan ostean, etxean emango du aspaldiko partez kontzertua talde beteranoak. Musikaz gain Matamation helduentzako animazio zikloa ere ari dira eskaintzen asteazkenero, eta uztailaren 1a arte, Baztartxon.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide