'Erroak; komunitatearen lubakitik' dokumentala egin dute Txilen Erik Aznal eta Anartz Izagirre Ikus-entzunezko Komunikazioko ikasleek. Bihar estreinatuko dute Soreasu antzokian.
Hezkuntza da gizartearen oinarria, erroa. Baliabide bat da herritarrak bizitzan errotzeko, sustraiak botatzeko, hazteko eta hezteko. Horretaz jakitun, Euskal Herritik urrun dagoen hezkuntza eredu batean murgildu dira Erik Aznal eta Anartz Izagirre Ikus-entzunezko Komunikazioko ikasle azpeitiarrak, Nerea Gurrutxaga eta Hasier Larrea kideekin. Txileko hezkuntza komunitarioari buruz, Erroak; komunitatearen lubakitik dokumentala egin du laukoteak, Aznalen zuzendaritzapean. Bihar estreinatuko dute lana Soreasu antzokian. «Bagenekien hango bizimodua hemengoarengandik desberdina zela; eta hona ekarri nahi genuen esperientzia hori», azaldu du Aznalek. Beraien asmoa ez da hezkuntza komunitarioa Euskal Herrian berdin-berdin aplikatzea, baina bai «erreferentzia batzuk erakustea» eta «pentsaraztea», hemen ere «halako espazioak sortzeko aukera egon daitekeelako».Lau pertsona, bi kamera eta ilusioa. Horiexek dira lantaldeak eskura izan dituen baliabideak. «Baliabide gutxi genuen, baina moldatu gara; izan ere, prozesuan, garrantzitsuagoa izan da gidoia prestatzea, lana egitea eta geure artean eztabaidatzea».
Eredu horizontala
Unibertsitatetik joan ziren Aznal eta Izagirre Txilera, ikastera. Entzuna zuten zerbait bertako hezkuntza komunitarioari buruz, baina gehiago nahi zuten jakin. Bikoteak azaldu duenez, hezkuntza eredu horrek bi xede ditu: «eredu tradizionaletik kanpo» gelditu diren herritarrak txertatzea eta «komunitate gisa lan egiteko kontzientzia lantzea». Praktikan ere baditu berezitasunak: «Harreman horizontalak dituzte ikasleek eta irakasleek. Elkarrekin esertzen dira, gaiak proposatzen dituzte gelan, sentipenetatik abiatzen dira azalpenak emateko... Ikaslea subjektu aktiboa da, ez du jaso soilik egiten, berak ere badu askatasuna iritzia emateko».
Hala ere, autofinantzatutako eskola denez, «betebeharrak» ere badituzte bertako kideek. «Egitasmoa aurrera irten dadin eskolak antolatutako ekitaldietan parte hartzea eskatzen diete». Izan ere, «bizitzeko modu baten isla» da heziketa hori, eta garrantzitsua da ikasleek kontzientzia barneratzea. «Ez da eskolara joan eta ordu batzuk han igarotzea. Eskolek badute beste esanahi bat, proiektu zabalagoa da», nabarmendu du bikoteak.
Curriculuma finkatzerakoan, haiek ere, Euskal Herrian bezala, badituzte muga batzuk. Ikasleek estatuak jarritako azterketa gainditu behar dute, baina horregatik ez dute beraien esentzia ahaztu nahi. Dokumentalen egileen hitzetan, haien oinarriak curriculum horretan txertatzen saiatzen dira: «Kooperatibismoa, autokudeaketa, arte grafikoak... irakasten dituzte, libreki. Ikasgai batzuk bideratuta daude estatuaren azterketa gainditzera; eta, besteak, lan komunitarioaren esperientzia aberastera».
Ezerezetik, lanean
Aznalek inor ez zuen ezagutzen Txilera iritsi zenean. Ez zuen kontakturik eta baliabiderik dokumentalarekin hasteko, eta Internet bidez aurkitu zuen laguntza. Hedabide batek eman zion kontaktua lanari ekiteko. «Hezitzaile talde baten kontaktua eman zidaten, eta bilera batera joan ginen. Bileran nire asmoak kontatu nizkien; eta beraiek lagundu ziguten». Dokumentala «giro onean» egiteaz gain, komunitatearen elkarlana esperientzia gisa bizitzeko aukera izan dute Aznalek eta Izagirrek. Honela azaldu du Izagirrek: «Dokumentala egiteaz gain, esperientzia pertsonal bat izan da hau guretzat. Polita da ikustea zenbat pertsonek sinisten duten proiektu horretan, eta zer pertsona anitz diren. Gazteenak hiru urte izango ditu, eta 78 urte helduenak. Horrek esan nahi du benetan komunitate oso bat dagoela atzetik».
Bi urte daramatzate martxan EPC Escuela Publica Comunitaria-ko kideek. 2011n hezkuntza mugimendu garrantzitsuak izan ziren Txilen, eta horrek nahastu zituen urak. Hortik hasi zen proiektua. Hori, nolabait, Euskal Herrira ekar daitekeela pentsatu dute ikasleek. «Euskal Herrian ikusi dugu erreformak inposatu dizkigutenean kalera irten garela eta kexatu egin garela, aurre egin diogula; baina alternatibak eraikitzea falta zaigu», esan du Aznalek. Hark uste du herri mailan hasi daitekeela mugimendua: «Ez dago hangoa hona ekarri eta hemen aplikatu beharrik. Geure erara, zerbait egin dezakegu». Aznalek proposatu du asteburu bat antolatzea ereduari ikusgarritasuna emateko.