34 kartel daude eskegita ostegunera arte Azpeitiko Betharram aretoan. Bertaratzen direnek obrarik gustukoena bozkatzeko aukera dute.
Azpeitiko Betharram aretoan erakusketa jarri dute XXXIII. Euskal Antzerki Topaketen kartel lehiaketan aurkeztutako lanekin. Denera, 34 kartel aurkeztu dituzte, eta osteguna bitartean egongo dira guztiak ikusgai.Erakusketa bisitatzen dutenek botoa eman diezaiokete lan onenari. Gero, ikuslearen saria jasoko du boto gehien eskuratzen dituen kartelak. Antolatze lanetan aritu dira herriko Arte eta Diseinu Ikastegiko kideak. Erakusketaren ordutegiari dagokionez, arratsaldero egongo da zabalik bi orduz, 18:00etatik 20:00etara.
Urtero bezala, Euskal Herriko hainbat antzezlan plazaratuko ditu Euskal Antzerki Topaketak. Udazken partean izango da hori, Azpeitiko Soreazu Antzokian.
Euskal antzerkigintzan zegoen hutsune handi bati erantzuteko jaio ziren Azpeitiko topaketa hauek duela 18 urte. Izan ere, euskara hutsean ekoiztutakoak izaten dira lehiaketara aurkezten diren lan guztiak, profesionalak zein amateurrak.