Frades eta Peru Alfaro izan dira distantzia erdiko Euskadiko txapeldunak. Eguraldiak lagundu ez arren, jendetzak jarraitu zuen larunbatean 29. BH Zarauzko Triatloia
Borrokatu ostean, korrikaldia bukatu eta helmugaratzen lehenak Gustavo Rodriguez galiziarra eta Gurutze Frades durangarra izan ziren larunbatean, 29. BH Zarauzko Triatloian. Izan ere, aurtengo txapela lortzeko lehia irekita egon da hasieratik bukaerara arte. Helene Alberdi zumaiarra izan zen uretatik ateratzen lehena, baina orpoz orpo jarraitu zion Marina Damlaincourt madrildarrak. 40 minutu baino gutxiagoan egin zuten horiek Getariako Malkorbe hondartzatik Zarauzkorainoko 2,9 kilometroko ibilbidea igerian. Ibone Sanchez laudiotarra atera zen gero.Gizonezkoetan, berriz, Jon Unanue zarauztarra izan zen hondarra zapaltzen lehenbizikoa. Arkutik gertuago iritsi zen Peru Alfaro hernaniarra, ordea. Atzetik jarraitu zieten Fraser Cartmell eskoziarrak, Roger Serrano kataluniarrak, Stanislav Krylov errusiarrak eta beste hainbatek. Irati Etxaburu izan zen boxetara heltzen lehenbiziko zarauztarra.
Bizikletako saioan gizonezkotan, Krylov eta emakumezkotan, Judith Corachan kataluniarra izan ziren buru hasieran. Krylovi Rodriguezek, Alfarok eta Victor del Corral kataluniarrak jarraitu zioten gertutik, eta Corachani, Fradesek, Dolça Olle eta Sara Loehr kataluniarrek. Serranok erretiratu egin behar izan zuen gurpila zulatu eta erorikoa izan zuelako.
Krylov eta Corachan izan ziren korrikako saioa hasten lehenak. Rodriguezek, ordea, aurrea hartu zion Krylovi, eta hala jarraitu zuen helmugara iritsi zen arte. 04:02:11 denborarekin amaitu zuen galiziarrak triatloia. Minutu bat eta 45 segundo beranduago iritsi zen Krylov. Hirugarren postuan Victor del Corral helmugaratu zen, 04:04:19 denborarekin.
Emakumezkoetan ere lehia gogorra izan zen. Batik bat, azken kilometroetan Frades eta Loehr nor baino nor aritu ziren korrika. Azkenean, durangarra izan zen lehena helmugaratzen, 04:36:33 denborarekin. 24 segundora heldu zen Loehr eta irabazletik ia zazpi minutura Corachan.
Zarauzko Triatloian distantzia erdiko Euskadiko zein Gipuzkoako txapelketak ere jokatu zituzten. Alfaro (04:04:49)eta Frades izan ziren Euskadiko txapeldunak, eta hernaniarra eta Alberdi (05:10:13) Gipuzkoakoak.
Guztira, 679 triatletek zuten izena emanda, baina 37 ez ziren aurkeztu. 584 lagunek bukatu zuten, 48 erretiratu ziren eta 10 izan ziren kaporatuak. Eguraldia lagun izan zuten hasieran, baina bizikletako probaren zati handiena eta korrikakoa euripean egin behar izan zituzten. Halaxe jarraitu zuten herritar zein bisitari ugarik ere kirol ikuskizuna.