Azpeitiak jokatuko ditu Herriarteko eskuzko pilotako finalerdiak

N. Uranga/a.Abarisketa 2015eko ekainaren 16a

Aia, Zestoa eta Azkoitia finalerdietako bidean gelditu dira. Azkoitiko I. Pelotai Euneko antolatzaileak «oso gustura» daude jasotako erantzunarekin.Gipuzkoako Herriarteko eskuko pilota txapelketa finalerdietara iritsi da. Urola Kostako lau herrik has...

Aia, Zestoa eta Azkoitia finalerdietako bidean gelditu dira. Azkoitiko I. Pelotai Euneko antolatzaileak «oso gustura» daude jasotako erantzunarekin.

Gipuzkoako Herriarteko eskuko pilota txapelketa finalerdietara iritsi da. Urola Kostako lau herrik hasi zuten: Aiak, Zestoak, Azpeitiak eta Azkoitiak. Baina, finalerdietara Azpeitia bakarrik iritsi da.

Gainontzeko taldeak bidean gelditu dira. Aiako eta Zestoako taldeek final hamaseirenetan hasi zuten lehiaketa, Aiakoak ez zuen aurrera egin, eta Zestoak final zortzirenekoetan Oiartzunen kontra galdu egin zuen. Azkoitiko taldeak final laurdenekoetan galdu du aurrera egiteko aukera, Zizurkilen kontra galdu ondoren. Aurrez Bidania-Goiatz eta Errenteria utzi zituen kanpoan.

Azpeitiak aurrera egin du, final laurdenetan Beasainen kontra irabazita. Asteburuan itzulikoa Beasainen jokatu du: hirutik bi partida irabazi zituen Azpeitiak. Honakoak izan dira emaitzak: kadeteetan (Mikel Unanue eta Jon Alberdi), 1-22; jubeniletan (Gorka Iriarte eta Julen Egiguren), 22-6; eta, seniorrretan (Daniel Murgiondo eta Jurgi Larrañaga) 16-22.

Azpeitiaz gainera, Astigarragak, Tolosak eta Zizurkilek jokatuko dituzte Herriarteko eskuko finalerdiak. Azpeitiak aurkaria Astigarraga izango du.

Pilotari egun oparoa

Herriarteko eskuko pilota txapelketan azkoitiarrak ostiralean kaleratu bazituzten ere, umoretsu ospatu zuten hurrengo egunean I. Pelotai Eune. Hala azaldu dio HITZAri Josu Godoi antolatzaile taldeko kideak, eta «oso gustura» azaldu da pilota lehiaketak jasotako babesarekin. 22 bikotek hartu zuten parte azkenean, eta egitarauan lekurik ez zegoelako lehiaketatik kanpo gelditu ziren bikoteak ere baziren. Jende asko bildu zen Kontzejupeko frontoiaren bueltan 21:30ak bitartean. Azken momentuan erabaki zuten gaueko saioak bertan behera utzi eta azken partidak aurretik jokatzea.

Eguerdian kalejira egin zuten Balda Plazatik hasita, eta euripean izan bazen ere, umorez egin zuten ibilbidea trikitiaren melodiekin. Plazan atera zuten lehengo eta oraingo pilotarien argazkia, eta aurreskua egin zitzaien beteranoei. Kontzejupeko hormak Azkoitian izandako pilotarien argazkiz josi zituzten.

Larunbateko balorazio positiboa kontuan hartuta, datorren urtean II. Pelotai Eune ospatzeko intentzioa azaldu du Godoik. «Oso egun polita izan da, eta gure partetik ahaleginduko gara errepikatzen».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide