Bizitzako uneak, generoaren leihotik

Eneritz Albizu Lizaso 2015eko ekainaren 12a

'Ilargian ez da emakumerik egon' hitzaldi-tailerra eman dute Eider Rodriguezek eta Zaloa Basabek Azpeitiko Emakumeen Txokoan. Ustez objektu 'neutroak' direnek ezkutatzen dituzten genero arazoak azaleratu dituzte.Beste behin erakutsi dute ez dela gertae...

'Ilargian ez da emakumerik egon' hitzaldi-tailerra eman dute Eider Rodriguezek eta Zaloa Basabek Azpeitiko Emakumeen Txokoan. Ustez objektu 'neutroak' direnek ezkutatzen dituzten genero arazoak azaleratu dituzte.

Beste behin erakutsi dute ez dela gertaera edo objektu neutralik existitzen. Begiratzen duten begiek, begiratzen dituen pertsonaren bizipenek, egiten dute bere objektu hori, gertaera hori. «Edo haiek egiten gaituzte gu?», galdetu zuen Eider Rodriguez idazle eta irakasleak asteazkenean Azpeitiko Emakumeen Txokoan. Izan ere, Rodriguezek eta Zaloa Basabe berdintasun aholkulariak Ilargian ez da emakumerik egon hitzaldi-tailerra eman zuten, «ustez neutroak diren objektuek ezkutatzen dituzten genero arazoak aztertzeko».

Tailerraren mamia lehen unetik ulertzeko, adibide bat jarri zuten: ilargia. «Ba ote da ilargia baino astro femeninoagorik?», galdetu zuen Rodriguezek. Ilargia eta bere aldaera guztiak emakumearekin lotu izan dira beti, baina gizona izan zen han hanka jarri zuena, guztiek ezagutzen dute Neil Amstrong estatubatuarra. «Hala ere, bada emakume bat Amstrong baino sei urte lehenago espazioan izan zena: Valentina Tereshkova ingeniari errusiarra». Tereshkova, ordea, ez zen Amstrong bezain ezaguna entzuleen artean.

Hari horri tiraka hasi ziren Rodriguez eta Basabe sentipenek eta objektuek dituzten irudikapenei begira. Basaberen arabera, «objektuak ez dira material hutsak, beste ertz batetik begiratu diezaiokegu, itxuraz, inuzenteak diren objektu horiei». Zenbait hitzen interpretazioak aztertu zituzten Emakumeen Txokoan.

MAKINAK

Lan bat egiten edo hura osatzen laguntzen duten objektuen multzoa da makina. Oro har, gizonekin lotzen dira makinak, baina emakumeek ere harreman estua izan dute makinekin urteetan. Honela azaldu zuen Basabek: «Gure ama garbigailuaren funtzionamenduaz eta mantenuaz arduratzen zen haurrak ginela. Berak egiten zuen guztia; funtzionatzeari uzten zionean ere, bere esku gelditzen zen haren programazioa, goma edo dena delakoa ondo jartzea. Hala ere, VHSa etxera iritsi zenean, inor ez zen ausartu hura martxan jartzera: guztiok aitaren zain egon ginen, hark egin beharreko lana balitz bezala. Garbigailuak eta VHSak ez dute prestigio bera etxean, ezta gizonek eta emakumeek ere».

Arlo akademikoan ere badira xehetasun batzuk. Basabek azaldu zuen Informatikako ikasketek Informatika izena zutenean, karrera egiten zuten pertsonetatik %55 emakumeak zirela. Ondoren, Ingeniaritza informatikoa izena jarri zieten ikasketei, eta materia berarekin jarraitu bazuten ere, %38 egin zuten behera emakumeen matrikulek.

MINBIZIA

«Emakumeek hobeto aguantatzen dute mina, gai dira min hori gordetzeko, ezkutatzeko». Halako esapideak oso ohikoak direla gogorarazi zuten hizlariek. Bularreko minbiziari dagokionez, adibidez, kanpainak egiteko begizta edo lazo arroxak eta peluxeak erabiltzen dituzte, emakumea haurtzarora eramanez: «Imajinatzen duzue prostatako minbiziaren aldeko kanpainak lazo urdinekin, jostailuzko kamioiekin egitea?».

Osasunarekin lotuta, beste hamaika adibide jar daitezkeela esan zuten: «Beti esaten dugu bihotzeko krisi bat izan aurretik, ohikoa dela ezkerreko besoan mina sentitzea. Hori gizonen kasuan soilik da, emakumeek ez dute izaten sintoma hori», azaldu zuen Basabek. Hala ere, nabarmendu zuen gizonen sintomak erabiltzen direla «egia orokor gisa».

ODOLA

Adorea, kemena. Hori adierazten du gizonezkoen odolak. Gudan isuritako odola, gizonena, arbasoena, goretsia da herrialde guztietan. «Espainiako bandera, adibidez, gizonen odol gorriaren gainean dago eraikita». Jainkoaren ardoa ere goraipatua da, mezetan edan egiten da, ardoaren forman. «Gizonen odola bai, baina zer gertatzen da emakumeen odolarekin?». Emakumeen odola hilekoarekin lotzen dugula esan zuten. Odol hori «isildua» izan da urteetan, «intimotasunera eramana, ezkutatua»: ez da gauza bera gizonen eta emakumeen odola.

AHOTSA

Basabek azaldu zuen Miamiko unibertsitate batean biologo eta politologo batzuek eginiko azterketa. Zenbait gizon eta emakume jarri zituzten mezu bera esaten, politikarien azalean; eta herritarrei esan zieten nori sinisten zioten aukeratzeko. Gizonak aukeratu zituzten, eta honako arrazoiak eman zituzten, besteak beste: konfiantza, gaitasuna, zintzotasuna eta zilegitasuna.

«Horrela barneratzen dira kontzeptu politikoak. Egunerokoan, ohartu gabe ere irudikapen sinbolikoak jaten ditugu», esan zuen Rodriguezek. Kalera irten, ingurura begiratu, eta zer pentsatua utzi dute. Bizitzako une guztiak begiratu eta azter daitezke generoaren leihotik.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide