Ertzainek ez dute «ondo oroitzen» 2013ko Gazte Danbadan gertatutakoa

Urola Kostako Hitza 2015eko ekainaren 12a

'Topatu'-ko kazetari Iraitz Salegiri eta Ernaiko zazpi kideri 2013ko Gazte Danbadan «terrorismoa goratzea» leporatzen die fiskalak; urte eta erdi eta bi urte arteko zigorra eskatu duAtzo hasi zen Espainiako Auzitegi Nazionalean Topatu.info-ko kazetar...

'Topatu'-ko kazetari Iraitz Salegiri eta Ernaiko zazpi kideri 2013ko Gazte Danbadan «terrorismoa goratzea» leporatzen die fiskalak; urte eta erdi eta bi urte arteko zigorra eskatu du

Atzo hasi zen Espainiako Auzitegi Nazionalean Topatu.info-ko kazetari Iraitz Salegiren eta Ernaiko zazpi kideren kontrako epaiketa; tartean Garazi Mugertza zarauztarra dago. Fiskaltzak urte eta erdi eta bi urte arteko zigorra eskatzen du Ernaiko Irati Sienra, Gotzon Elizburu, Maialen Etxebarria, Mikel Button, Aitor Anda, Mikel Moreno eta Garazi Mugertza zarauztarrarentzat, eta Topatuko kazetari Iraitz Salegirentzat 2013ko Gazte Danbadan «terrorismoa goratzea» leporatuta. Periko Solabarria ezker abertzaleko militante historikoa ere auzipetuta dago, baina jakinarazi zioten ez zutela epaituko, «osasun arrazoiengatik».

Atzo eguerdian abiatu zuten epaiketa, eta auzipetuekin Madrilera joan ziren lagunei ez zieten utzi auzi gelara sartzen, ezta prentsari ere. Eta epaiketa hasi orduko auzipetuak sakabanatuta eseri zituzten epaigelan. Aurrena zortzi auzipetuek deklatu zuten, eta ondoren lekukoek; tartean Ertzaintzako agenteek.

Ertzainek manifestazioan eta ekitaldian eginiko adierazpenen berri eman zuten, eta Gazte Danbadan gertatutako guztiaz eta esandakoez ez direla ondo oroitzen azaldu zuten atzo ertzainek. Ertzainetako batek, esaterako, epaiketan adierazi zuen «agur eta ohore» esaldia entzun zela eta «Lopez Peñaren zein jarduera armatuaren gorazarrea egiten zela interpretatzen duela» jaso du Berria.eus atariak.

Bestalde, defentsaren galderei erantzunez, ertzainek esan zuten ez zutela inor ikusi pankartak jartzen, eta ez zutela inor identifikatu horregatik.

Edizio honen itxieran, epaiketaren lehen saioa amaitu gabe zegoen.

Epaiketa, atzeratuta

Maiatzaren 28an hastekoa zen zortzi gazteen aurkako epaiketa baina, Maialen Etxeberria auzipetuak deklaratu ostean, auzipetuek Libreko elastikoak kendu zituzten soinetik, eta Gasteizen herri harresian atxilotutako zazpi gazteen argazkiak zituzten beste elastiko laranja batzuekin geratu ziren. Epaileari bizkarra emanez herri harresia irudikatu zuten. Epaileak kaleratu egin zituen Auzitegi Nazionaleko gelatik. Ondorioz, epaiketa eten eta atzorako jarri zuten hitzordua. Mugertzak epaiketa «disidentzia politikoaren aurkakoa» zela argudiatu zuen, eta Gasteizkoen atxiloketak salatu nahi izan zituztela ekintza horrekin, eta baita euren aurkako epaiketa ere.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide