650 triatletak hartuko dute parte proban, tartean Victor Del Corralek, Marcel Zamorak eta Marina Damlaimcourtek. Euskadiko Txapelketa ere jokatuko dute triatloian
Aurten ere maila handiko parte-hartzaileak izango dira lehian BH Zarauzko Triatloian. Gizonezkoetan, Victor Del Corral eta Marcel Zamora kataluniarrek txapela lortzeko norgehiagokan jardungo dute. «Biak dira distantzia erdiko eta ertaineko espezialistak, eta biak lehiatu dira dagoeneko Zarauzko Triatloian», gogoratu du Inaxio Alguacil Zarauzko Triatloi Elkarteko lehendakariak. Del Corralek behin hartu du parte proba horretan, 2010ean, eta orduan, gainera, korrikako saioan marka hautsi zuen. «Gustura» agertu da berriz ere Zarautzen lehiatzeko aukera izango duelako, eta nabarmendu du «lehiakorra» izango dela.Horiez gain, parte hartuko dute besteak beste iazko txapeldunorde Fraser Cartmel eskoziarrak, duela bi aste Bilboko Triatloia irabazi zuen Gustavo Rodriguez galiziarrak eta proba horretan parte hartu zuten Stefan Schmid alemaniarrak, Extremadurako Diego Paredesek, Jose Estrangeiro portugaldarrak eta Stanislav Krylov errusiarrak zein Roger Serrano kataluniarrak. Euskaldunen artean, Peru Alfaro, Beñat Arnaiz, Gorka Bizkarra, Egoitz Zalakain, Raul Amatriain eta Jon Unanue zein Lizar Azkune zarauztarrak ariko dira nor baino nor. Aurtengoa triatloain parte hartzen duen 11.aldia izango da Unanuerentzat, eta «podiuma egiten» saiatuko da: «Uretatik azkar aterako naiz, eta hortik aurrera atzera begiratu gabe jardungo dut».
Emakumeen artean, faboritoa Marina Damlaincourt madrildar olinpikoa da. Hark «maila handiko» triatletekin lehiatu beharko du, Eva Ledesma, Judith Corachan, Anna Noguera, Dolça Olle eta Judith Corachan kataluniarrekin, kasu. Euskaldunen artean, Bilboko Triatloiko irabazle Gurutze Frades, Igone Sanchez eta Arrate Mintegi daude izena emanda. Eta baita Irati Etxaburu eta Josune Zabala zarauztarrak ere. Aurten 50 emakumetik gorak hartuko dute parte triatloian.
Euskadiko Txapelketa
Distantzia Ertaineko Euskadiko Txapelketa ere jokatuko da biharko triatloian. Ohiko ibilbidea izango du probak, salbuespen batekin: triatletek golf gaineko pasabidetik egingo dute korrika aurten. Iazko itsasaldiek malekoiko zati batzuk eta biotopoko pasarela kaltetu zituzten eta, ondorioz, ibilbidea aldatu egin behar izan zuten; lasterketa herrigunetik pasatu zen ia bere osotasunean. Obrak egin ondoren, pasabide berritik igaro ahalko dute parte-hartzaileek.
14:00etan irtengo dira emakumeak Getariako Malkorbe hondartzatik, eta gizonezkoak ordu laurden geroago. 2,9 kilometro igerian egin ostean, hondartzatik itsas pasealekuan, Turismo Bulego parean jarriko dituzten box eremura joko dute triatletek. Bertan egin beharko dituzte kirol batetik besterako aldaketa guztiak. Ondoren, 81 kilometroko txirrindularitza lasterketari ekingo diote; Meaga alderanzko zirkuituari bi itzuli eman ondoren, Orio alderantz joko dute ibilbideko gune zorrotzena osatzeko, Aiako murrua eta Txurrukako igoera, alegia.
Bukatzeko, 20 kilometro egingo dituzte korrika. Boxetatik Kale Nagusira joango dira, handik Lapurdi kale osoa korrituko dute eta ondoren biotopoa zeharkatuko dute, malekoitik jarraitzeko. Hiru itzuli egingo dizkiote ibilbideari.
Horretarako, hainbat bide itxita egongo dira. 16:30-17:45 artean ezingo da Oriora autoz joan, eta 16:00etatik 18:45era ezingo da Talaimendira joan-etorririk egin. Halaber, auto gidariei eskatu diete Nafarroa kaletik ez ibiltzeko, eta bide alternatiboak erabiltzeko, Araba zein Bizkaia kaleak, kasu. Udaltzainak egongo dira uneoro lasterketa zaintzen.
Triatloi Txikia, igandean
Triatloiaz gain, Expo erakusketa jarriko dute Munoan larunbatean; eta igandean, berriz, Triatloi Txikia jokatuko dute. Aurten ere 250 boluntariotik gorak lagunduko dute triatloian. Horri lotuta, Alguacilek Juan Jose Markaide gogoratu du. Otsailean zendu zen herriko hainbat kirol probatan esatari gisa urtetan jardun zuen zarauztarra, tartean triatloian. Haren boluntario lana goraipatu du, baita beste hainbat eta hainbat zarauztarrena ere. «Horiei esker heldu da Zarauzko Triatloia dagoen tokira».