Zarauzko Alproja antzerki taldea dagoeneko jarri da martxan Euskal Jai Eguneko antzezlana prestatzeko. «Herritik eta herriarentzat» egindako lan horretan parte hartzera animatu dituzte herritarrak Alprojakoek, entseguak giro «ezin hobean» bizi eta Euskal Jai Eguneko esperientzia «bikaina» igarotzeko.
Astelehenean hasiko dira entseguekin, eta astelehenetik ostegunera izango dira hitzorduak, uztailaren 9ra arte. Alproja taldearen Abendañoko lokalean elkartuko dira parte-hartzaileak entseatzeko, 21:00etatik aurrera. Udako atsedenaldiaren ostean, abuztuaren 19an hasiko dira berriz entseatzen, irailaren 7ra arte. Malgutasuna izango dute parte-hartzaileek egunero ezin badute bertaratu entseguetara.
Izena astelehenean bertan emango dute interesa dutenek. Egun horretan azaltzerik ez dutenek Maritarena oinetako dendan eman ahalko dute izena astea bukatu aurretik.