Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Bost udalerritan Bilduk EAJri pasako dio aginte makila. Etxeberriak eta Lertxundik errepikatuko dute alkate gisa.Udalbatza berriak osatuko dituzte bihar Urola Kostako udalerrietan, eta datozen lau urteetan agintean egongo diren alkateak aukeratuko ditu...
Bost udalerritan Bilduk EAJri pasako dio aginte makila. Etxeberriak eta Lertxundik errepikatuko dute alkate gisa.
Udalbatza berriak osatuko dituzte bihar Urola Kostako udalerrietan, eta datozen lau urteetan agintean egongo diren alkateak aukeratuko dituzte. Horretarako, bilkura eratzailea egingo dute udal hauteskundeetan herritarrek aukeratutako zinegotziek, eta alkate berriak hautatuko dituzte haiek. Maiatzaren 24ko hauteskundeetan hautatuak izan ziren talde politikoetako alkategaien artean egingo dute aukeraketa zinegotziek. Indarrean den Espainiako Lege Organikoaren arabera, gehiengo osoa lortu beharko du alkategaiak, eta hala ez bada, zerrendarik bozkatuenarentzat izango da alkatetza.
Bozkaketa egin aurretik, adineko mahaia osatzen dute. Hautagaien artean adinez zaharrena mahaiburua izango da; eta gazteena, berriz, mahaikidea. Idazkariarekin batera egiten dituzte haiek lanak. Mahaia eratu ostean, kideek ziurtatu behar dute zinegotzien erdiak eta bat gehiago joan direla bilkurara. Taldea osatuz gero, idazkariak paper zuriak emango dizkie zinegotziei, eta haiek hautatutako alkategaiaren izena jarri, eta hautetsontzian sartuko dute. Hautagai gazteenak paper horietako izenak irakurri, eta idazkariak apuntatu egingo ditu. Behin zenbaketak eginda, mahaiburuak, zinegotzi zaharrenak, galdetu egingo dio alkategaiari postua hartu nahi duen edo ez. Postua onartuz gero, alkateak hitz batzuk egiteko aukera izango du. Honakoak dira eskualdeko udalen egoerak.
AIA
Maiatzaren 24ko hauteskundeetan, 579 boto eta zazpi zinegotzi eskuratu zituen EAJk; eta 403 boto eta lau zinegotzi, berriz, EH Bilduk. Beraz, gehiengo osoarekin, EAJko Nekane Arrizabalaga izango da Aiako alkate berria, ezusterik ezean. 13:00ean izango da bilkura eratzailea.
AIZARNAZABAL
EH Bilduk sei zinegotzi eskuratu zituen Aizarnazabalen, 273 botorekin. EAJk, berriz, zinegotzi bat du, 71 botorekin. Beraz, EH Bilduko Mari Karmen Arregik hartuko du aginte makila bihar, 11:00etan, okerrik ezean.
AZKOITIA
EAJk gehiengo osoarekin irabazi zituen hauteskundeak: 2.901 boz eta bederatzi hautetsi lortu zituzten; EH Bilduk 1.946 boto eta sei zinegotzi; Irabazi Azkoitia Baik 442 boto eta zinegotzi bat, eta PSE-EEk 386 boto eta zinegotzi bat. Azkoitian, EAJko Javier Zubizarretak hartuko du agintea, eta aldaketa politikoa egongo da. Izan ere, EH Bilduk gobernatu du herria azken lau urteetan. 11:00etan hartuko du kargua Zubizarretak.
AZPEITIA
Azpeitian ere gehiengo osoarekin irabazi ditu hauteskundeak zerrenda bozkatuenak. EH Bilduk 3.760 boz eta 10 hautetsi eskuratu zituen. EAJk, berriz, 2.984 boto eta zazpi zinegotzi. Gainontzeko taldeek, PSE-EEk eta PPk, ez zuten ordezkaritzarik lortu. Horrenbestez, EH Bilduko Eneko Etxeberriak alkate gisa errepikatuko du hurrengo agintaldia, eta 12:00etan egingo dute bilkura.
BEIZAMA
Aurrera Beizama Bai herri plataforma aurkeztu zen bozetara maiatzaren 24an, eta 64 boto eta bost zinegotzirekin lortu zuen garaipena. Izan ere, PSE-EE aurkeztu bazen ere, hark ez zuen botorik jaso. Manuel Labaka izango da, beraz, Beizamako alkatea. 10:00etan egingo dute udalbatzarra, Labaka izendatzeko.
ERREZIL
Errezilen EH Bildu soilik aurkeztu zen udal bozetara, eta 234 botorekin eskuratu dituzte zazpi zinegotziak eta alkatetza. EH Bilduko Xebero Agirretxek hartuko du bihar agintea, 11:00etan.
GETARIA
EH Bilduko Nika Lertxundik jarraituko du alkate lanetan Getarian. 933 boto jaso zituen hark bozetan, eta zazpi zinegotzi eskuratu zituzten. EAJk lau hautetsi lortu zituen, 640 botorekin. Gainerako taldeek ez dute ordezkaritzarik izango udalean. 12:00etan egingo dute udalbatzarra Getarian.
ORIO
Orion EAJk irabazi zituen hauteskundeak, 1.133 boto eta sei eserlekurekin. EH Bilduk 890 boto eta lau zinegotzi eskuratu zituen; Orain Orioko Aukerak 433 boto eta bi hautetsi lortu zituen, eta PSE-EEk ere ordezkaritza lortu zuen, 236 boto eta zinegotzi batekin. Gehiengo osoa ez badu ere, badirudi EAJko Joxe Angel Zaldua izango dela Orioko alkate berria, Orioko herri plataformak hauteskundeen aurretik esan zuelako beraiek ez dutela inor babestuko bilkura eratzailean, hau da, beraien buruari emango diotela botoa. EH Bilduk EAJri pasatuko dio aginte makila, beraz, Orion. 10:30ean izango da udalbatzarra.
ZARAUTZ
EAJk 4.813 bozekin eta hamar zinegotzirekin irabazi zituen hauteskundeak Zarautzen. Gainerakoek honako datuak lortu zituzten: 3.631 boto eta zazpi zinegotzi EH Bilduk; 1.136 boz eta bi zinegotzi Irabazi Zarautzek eta 1.226 boto eta bi zinegotzi PSE-EEk. EAJko Xabier Txurruka izango da alkatea itxura guztien arabera; izan ere, Irabazi Zarautz taldeak esana du ez diotela babesa emango inori. 10:00etan izango da saioa.
ZESTOA
Zestoan, 907 boto eta sei zinegotzi eskuratu zituzten jeltzaleek, eta 880 boto eta bost zinegotzi, berriz, EH Bilduk. Aldaketa politikoa izango da, beraz, Zestoan ere, eta EAJko Josetxo Mendizabalek hartuko du agintea, 12:00etan.
ZUMAIA
Berdinduta daude zinegotzi kopuruan EAJ eta EH Bildu Zumaian. EAJk 2.152 botorekin eta sei zinegotzirekin irabazi zuen; eta EH Bilduk 2.077 boz eta sei aulki lortu zituen. PSE-EEk zinegotzi bat lortu du. Gehiengo osoa ez badu ere, EAJko Oier Korta izango da, okerrik ezean, alkatea Zumaian, PSE-EEk ez baitu EH Bildu babestuko. Zumaian ere aldaketa izango da, 11:00etan.