Bi gurpilen gainean datoz aurten ere Alai auzategiko festak. Aurreko bi urteetan bezala, eskualdeko motorzaleen topaketa egingo da jaien barruan, bihar.
Goizeko 09:30ean egingo zaie ongietorria motorzaleei, eta III. Topaketa hauetarako prestatutako kamiseta banatuko zaie. Goizeko lehen orduetan elkar ezagutu eta bakoitzaren motorrak erakusteko aukera izango da. 11:15ean errepidera aterako dira: Getaria, Zarautz, Meagas, Azkoitia, Azkarate, Elgoibar eta Mendaro zeharkatuko dituzte motorren gainean, berriro Zumaiara heldu aurretik. 13:30ean taldeko argazkia aterako dute, eta ordubete geroago, 14:30ean, bazkaria egingo dute. Arratsaldean, 17:00etan, jolasak izango dituzte, eta ondoren zozketak eta sari banaketak. Amaitzeko, 19:30ean, show stunt bat izango da.
Txupinazoa, gaur
Alai auzategiko jaiak gaur hasiko dira: 18:00etan jaurtiko dute festei hasiera emango dien suziria. 18:30ean Potxin eta Patxin pailazoen saioa izango da eta, ondoren, 19:30etik aurrera, puzgarriak helduentzat. 22:00etan bi ekitaldi izango dira: Zumaia Hotelean mus txapelketa, eta Victoriano Arrate etorbidean festa brasildarra, capoeira erakustaldiarekin.
Larunbatean, 12:00etatik aurrera triki poteoa izango da auzategiko tabernen eta txosnaren artean. Arratsaldean, 18:00etan Marisa Merino eta Joanaren dantza erakustaldia izango da, eta gauean, 22:00etatik aurrera, KTA2 taldearen kontzertua.
Igandea katxaperoekin esnatuko da, 10:00etan. Goizez eta arratsaldez puzgarriak izango dira haurrentzat. Eguerditik aurrera sukaldaritza txapelketa egingo da. Janari banaketa (marmitakoa eta Thiebou Dien jaki senegaldarra) 14:00etan banatuko da, eta 14:30ean sari banaketa egingo da. Tartean, 13:30ean, judo erakustaldia egongo da. 17:00etan dantza afrikarrak izango dira, eta 19:00etan, festak amaitzeko, apar festa.