Erabakitze eskubidea saretuz

Nerea Uranga 2015eko ekainaren 11

Urola Kostako Gure Esku Dago batzordeak bidea jorratzen ari dira herriz herri. Zertarako? Jauzi bat emateko erabakitzeko eskubidea gauzatze bidean. Aian talde berria sortu dute, eta ilusioz ari dira.Gure Esku Dago dinamikaren Urola Kostako herrietako l...

Urola Kostako Gure Esku Dago batzordeak bidea jorratzen ari dira herriz herri. Zertarako? Jauzi bat emateko erabakitzeko eskubidea gauzatze bidean. Aian talde berria sortu dute, eta ilusioz ari dira.

Gure Esku Dago dinamikaren Urola Kostako herrietako lan taldeak buru-belarri dabiltza azken hilabeteetan eta asteotan, erabakitzeko eskubidearen aldekoak saretzen. Erabakitzeko eskubidearen aldeko oihalak osatzen, margotzen eta josten dihardute ekainaren 21erako, Gaur hautetsontzia, bihar erabakia lelo hartuta antolatu duten egunerako. Egun horretan, hiriburuetan (Donostia, Gasteiz, Bilbo, Iruñea eta Baiona) eguerdian oihal kateak egin, eta arratsaldean estadioak bete nahi dituzte, egun osoko egitarau baten barruan.

Iazko giza katearen arrakasta gogoan, erabakitzeko eskubidea aldarrikatzetik eskubide hori gauzatzera doan bidean jauzia egin nahi du Gure Esku Dago-k.

Urola Kostan ia herri guztietan daude osatuta taldeak. Atxikimenduak edo saretzeak biltzen eta oihalak zabaltzen eta jasotzen ari dira herriz herri. Horrez gain, ekainaren 21ean Donostian egingo diren ekintzak eta ekitaldiak antolatzen, lanerako jendea biltzen eta Anoetako estadioko sarrerak saltzen ere badabiltza.

Talde bat gehiago: Aiakoa

Euskal Herrian herriz herri Gure Esku Dago-ren 170etik gora batzorde daude martxan. Horietatik bederatzi Urola Kostakoak dira, honakoak: Aia, Aizarnazabal, Azkoitia, Azpeitia, Getaria, Orio, Zarautz, Zestoa eta Zumaia.

Iazko giza katerako Aiakoak ez beste guztiak lanean hasita zeuden. Aiakoa orain dela aste batzuk sortu dute, eta ilusioz ari dira lanean. Bi lagunek hasi zuten herrian taldea sortzeko bidea, eta gero eta jende gehiago biltzen ari da mugimendura, gazte asko. Maiatzaren 29an Gazta zati bat dokumentala eman zuten, eta ordutik beste ekintza batzuk ere egin dituzte: kamisetak saldu, San Asentzio azokan mahaia jarri eta haurrentzako ekintzak ipini zituzten.

Biharko, Oihal Eguna antolatu dute Aian. Herritarren artean oihalak margotuko dituzte, eta 19:00etarako Anjel Oiarbide Gure Esku Dago-ko kidearen hitzaldia antolatu dute.

Getarian eta Zumaian ere ekitaldiak antolatu dituzte biharko. Eta, igandean, Zarautzen Joste Eguna egingo dute.

Egun hauetan, EAJk eta ELAk ekainaren 21eko ekitaldietan parte hartzera deitu dituzte herritarrak, erabakitze eskubidearen aldeko ekitaldiak babestuz.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide