Jolasa

J.M. Olaizola 'txiliku' 2015eko ekainaren 11

GGarai batean ez zen batere harritzekoa umeen artean honelako galdera egitea:Zer jolasetan ibiliko gara?Jolasetan non aukeratu bazelako. .Pilotan biten (bi egiten) jarduten genuen: multzo handian denak frontoira sartu, eta tantoa galtzen zuena kalera j...

GGarai batean ez zen batere harritzekoa umeen artean honelako galdera egitea:

Zer jolasetan ibiliko gara?

Jolasetan non aukeratu bazelako. .

Pilotan biten (bi egiten) jarduten genuen: multzo handian denak frontoira sartu, eta tantoa galtzen zuena kalera joaten zen; denbora pasatu ahala, gero eta jende gehiago begira izaten zen eta gutxiago jolasean, azkeneko bien artean norgehiagoka jokatu eta irabazleak beste puntu bat jasotzen zuen arte. Orduan barru! egiten zen oihu, eta denak barrura, berriz ere jolasera.

Motzean ere ibiltzen ginen, frontoi osoa hartu ordez trabeska jokatuz barru antzeko jolas batean, baina hura baino konplexuagoa. Sakearen errestoa buenara eramanez gero, beroen multzora joaten zinen, nahiz tantoa galdu; sakea eramaten ez zuena, hotzen multzora. Beroen artean jarraitzen zuen lehiak eta hotzak begira egon behar.

Sukaldetxotara ere ibili ohi ginen (ni, behintzat, ibili izan nintzen, eta ez dut ukatuko), eta jolas horretarako belarrak biltzen genituen bide-bazter edo zelaietan. Plantainaren hosto zabalak txuletak ziren, kirkil-belarraren fruituak letxugak eta malbarenak, gaztatxoak (atalak berez eginda zetozen).

Orain iruditzen zaigu gaur egungo umeek ez dakitela jolasean egiten. Hitz egiten ikasi aurretik ingelesa ikastera bidaltzen ditugu, eta pixka bat koskortzen direnean frantsesa edo alemana ikastera, badaezpada ere. Eskulanak eta musika ikastea ere ez legoke gaizki, eta kirola egitea, ezinbestekoa. Futbola ez bada, saski- edo eskubaloia, eta horien faltan errugbia, eta hezurrak handi samarrak baditu, pilota edo arraun egitera.

Menturaz umea mugitu samarra bada, judo edo karate egitera bidaliko dugu, gehiegizko indarrak han bota ditzan, eta etxera leun-leun iritsi dadin.

Geratzen zaion denbora apur bat erabil dezala umeak telebista ikusten (ez gehiegi, esan baitigute txarra dela telebista gehiegi ikustea), eta egin dezala lana ordenagailuarekin (baina kontuz zer ikusten duten!, esan digute, edozer zerrikeria dago Interneten); eta ume koitadua non dabilen jakiteko (ez dadila galdu kale horietan!) sakelako telefonoa erosiko diogu, guk nahi dugunean beraren berri izan dezagun, eta berak ere nahi duenean dei egin dezan. Dena kontrolpean. Dena antolatuta.

Hala eta guztiz, gure haur lanpetu horiek badute jolasak egin eta asmatzeko artea. Lehengoan, Santa Marinako festetan, ikusten nituen zortzi-hamar bat urteko neska-mutilak kalean eraikitako tranpailuaren gainean. Musika jarrita zegoen, eta halako koreografia bat egiten ari ziren musikak iradokitakoari jarraituz.

Musika bukatu zenean, edo aspergarria iruditu zitzaienean, dantzari utzi eta tranpailu gainetik kale-kantoiko telefono-kabinaren gainean joz beraiek hasi ziren musika egiten, barre eta imintzioen artean.

Ederki pasatzen ari ziren. Jolasean. Jolasak duen zentzu zabalenean, irudimena erabiliz eta atseginez arituz. Bejondeizuela!, pentsatu nuen.

Lehen ere egokitu zait Kooperatiba plazan ikustea umeak plastikozko poltsak hartu, garajeko ke-erauzgailuaren irteerako sarearen gainean ipini eta bat-bateko aire berozko globo haiekin jolasean. Eta poztu egiten nau horrek.

Helduok hor gabiltza umeen bizitza antolatzen eta programatzen umeak heldu txiki batzuk direlakoan, eta umeek jolasean egiten dute ahal duten bakoitzean, umeek egin behar duten eran.

Idazki hau alegia bat balitz, ikaskizun edo moraleja izango luke amaieran, eta alegia ez bada ere, berdin-berdin luzatuko diet ikaskizuna guraso kezkatuei: Zuen umeentzat antolatutako egitarau estuetan, gorde ezazu denbora luxexka bat jolaserako, eta bidali itzazue kalera sarri-sarri. Irudimena piztuko zaie eta ondo pasatuko dute, ez izan zalantza- rik.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide