Konpromiso kolektibotik, lanera

Eneritz Albizu Lizaso 2015eko ekainaren 9a

Azkue altzari enpresa inauguratu zuten larunbatean Azpeitian. 34 bazkideren artean hartu dute enpresa, eta bazkide gehienak Azcue y Cia-ko langile ohiak dira. Martxotik ari dira lanean.Herri honetan, ohituta gaude konpromiso kolektiboak hartzera; banan...

Azkue altzari enpresa inauguratu zuten larunbatean Azpeitian. 34 bazkideren artean hartu dute enpresa, eta bazkide gehienak Azcue y Cia-ko langile ohiak dira. Martxotik ari dira lanean.

Herri honetan, ohituta gaude konpromiso kolektiboak hartzera; banan-banan ez gara gauza handia, baina elkarrekin bai». Hala esan zuen Xabier Oleaga Azkueko administrazio kontseiluko lehendakariak, larunbatean, Azkueren inaugurazioan. Bi urtez itxita egon da Azcue y Cia altzari enpresa, eta langile ohien ekimenez jarri dute martxan Azkue sozietate laborala.

Martxoaren bigarren astean hasi ziren langileak beharrean. 34 langileren artean hartu dute enpresa, eta Oleagak azaldu duenez, bazkide gehienak Azcueko langile ohiak dira. Bi milioi eurotan hartu dute lantokia; erdia beraien poltsikotik jarri dute langileek, eta beste erdia entitate finantzieroen kredituekin ordain- duko dute. Langile bakoitzak 15.000 euro jarri ditu enpresa abiarazteko.

Hainbat eskari prest

Denbora ez dute alferrik galdu, eta dagoeneko 7.000 metro koadro parket egin dituzte Azkuen. Horrez gain, datozen asteetan beste 12.000 metro koadro produzitzeko konpromisoa hartu dute; dirutan, 600.000 euroko balioa dute horiek. Altzariekin ere akordioak lotzen ari dira: bi enpresa katerekin itxi dituzte negozioak, umeentzako altzariak saltzeko. Bestalde, Dubaiko enpresa batek Nueva Linea gama altuko lerro berriko 700 armairu eskatu dizkie; eta 2.000 ohe, berriz, Ameriketako Estatu Batuetako beste batek.

Lan poltsa 74 pertsonekin osatu dute, eta kontratazioak egiteko, hortik tiraka jarraitzea da Azkueko kideen asmoa. Orain artean, musutruk egin dute lana bazkideek, eta aste honetan hasiko dira beraien lehen soldatak jasotzen.

XABIER OLEAGA

Azkueko edministrazio kontseiluko lehendakaria

«Krisiaren aurrean, etsipenik ez»

Oleagak eskerrak eman zizkien Azkueren egitasmoa egi bihurtu duten guztiei, eta besteak beste aipatu zituen enpresako azken kudeatzailea, konkurtsoko administratzaileak eta epailea. «Herri mailako» ospakizuna egin nahi izan zuten larunbatean, «azpeitiar erara». Hala, ekitaldian izan ziren langileak, senideak, herritarrak eta zenbait ordezkari politiko; tartean, Eneko Etxeberria alkatea, Martin Garitano jarduneko ahaldun nagusia eta Arantza Tapia Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburua.

Oleagak langileen esfortzuari egin zion erreferentzia, eta haiek eginiko lana goraipatu zuen. «Krisiaren aurrean, etsipenik ez», esan zuen. Hark, behintzat, modu positiboan begiratzen dio etorkizunari: «Urteko garai onena galdu dugu parketa egiteko: urtarrila. Galera garrantzitsua izan da hori guretzat, epategietako kontuak luzatu egin baitira. Hala ere, gustura gaude egiten ari garen lanarekin». Aitortza egin zioten Luis Azkue Azcue y ciako lehendakari ohiari. Oleagak azaldu duenez, haren familiako abizena «harro» erabiliko dute beraiek ere.

EDU ETXARTE

Azkueko langileen ordezkaria

«Protagonistak beti atzean esertzen dira»

Langileak izan zituen abiapuntu eta helburu bere hizketaldian Edu Etxarte langileen ordezkariak. Prozesu osoa jarraitu du lankideekin batera, eta aitortza eskatu zuen lanean aritu direnentzat: «Protagonistak beti atzean esertzen dira», esan zuen lankideengatik.

CARLOS PUJANA

Euskadiko Lan Sozietateen elkarteko lehendakaria

«Oztokoak aurkitu arren, aurrera egingo duzue»

Euskadiko Lan Sozietateen elkarteko lehendakariak esan zuen «zezenari adarretatik heldu» diotela Azkueko langile berriek, beraien arazoei beraien erara «ebazpenak» aurkitzeko.

«Eredugarria da egiten ari zaretena: oztopoak aurkituko dituzue, baina aurrera egingo duzue», adierazi zuen ekitaldian.

ARANTZA TAPIA

Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburua

«Pertsonak jarri dituzue erdian, eta hori da bidea»

Tapiaren arabera, «historia» egin dute Azkueko langileek. Azpeitiarrentzat eta bailararentzat «garrantzitsua» da Azkueren irekiera, haren hitzetan, eta «kudeaketa eredu berria» goraipatu zuen: «Pertsonak jarri dituzue erdian, eta hori da bidea».

Hizpide izan zuen Langileen Partaidetzako diru partida. 4,5 milioi jarri dituzte Eusko Jaurlaritzak eta ASLEk sozietate laboralei laguntzeko, eta esan zuen Azkue izango dela bultzada ekonomiko hori jasoko duen lehena.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide