Elkarlanerako kazetaritza hitzarmena sinatu dute 'Baleike'-k eta HITZAk

Urola Kostako Hitza 2015ko eka. 5a, 00:00

'Baleike'-ko kazetariek landuko dituzte Zumaiako albisteak UROLA KOSTAKO HITZAn, eta orain arteko eskaintza areagotuko da. Elkarlanerako lehen urratsa baino ez daIndarrak batu eta baliabideak hobeto erabiltzea da euskarazko hedabideek hartu duten bidea...

'Baleike'-ko kazetariek landuko dituzte Zumaiako albisteak UROLA KOSTAKO HITZAn, eta orain arteko eskaintza areagotuko da. Elkarlanerako lehen urratsa baino ez da

Indarrak batu eta baliabideak hobeto erabiltzea da euskarazko hedabideek hartu duten bidea azken hiruzpalau urteotan. Hala sortu dira Hekimen herri ekimeneko euskarazko hedabideen elkartea, eta Tokikom tokiko hedabideen bilgunea. Arazo, kezka, helburu eta erronka bertsuak dauzkate euskarazko hedabideek, eta logikoa da eskutik helduta egitea aurrera.

Urola Kostako euskarazko hedabideak ez dira aparte gelditu. Azken urteotan hamaika bilera egin dituzte, elkar ezagutzatik konfiantza sortu da, eta ikusi da elkarlanerako esparru asko dauzkatela. «Ohartu gara indarrak batzen baditugu denok irabaz dezakegula, eta erabaki dugu elkarlana kazetaritzatik hastea», azaldu du Baleike-ko zuzendari Gorka Zabaletak. Joan den urteko apirilean hasi ziren proba modura HITZA eta Baleike. «HITZAk ikusten zuen hutsunea zuela Zumaian, eta adostu genuen Baleike-k astean bi orrialde egingo zituela Zumaiako informazioarekin», gaineratu du. Onintza Lete HITZAko zuzendariak ere azpimarratu du lankidetzak denak indartu dituela: «Sinergiak aprobetxatuta, Baleike-k baliabide gehiago lortu ditu bere erronkei aurre egiteko. Guk, berriz, baliabideak beste lan batzuetarako aprobetxatu ditugu, ikus-entzunezkoekin eta sarearekin lotuta, esaterako».

«Iazko bide horrek emaitza onak eman ditu, eta sakontzea erabaki dugu», azaldu du Zabaletak.

Hala, 2015eko apiriletik Baleike-k hartu du bere gain HITZAn Zumaiako informazioa lantzearen ardura. Akordioari esker, Baleike eta HITZA bat dira Zumaian, eta bi lantaldeak modu koordinatuan ari dira egiten eguneroko lana.

Akordioa zabaltzea asmoa

Kazetaritza mailan egindako akordioari esker, lantaldea sendotzeko aukera izan du Baleike-k, eta orain lanaldi osoan ari dira Gorka Zabaleta eta Juan Luis Romatet kazetariak. «Gure gogoa da akordioa beste esparru batzuetara zabaltzea, HITZArekin, eskualdeko gainerako euskarazko hedabideekin eta sektore osoarekin», esan du Zabaletak.

Lete bat dator Zabaletarekin: «Oraindik ere eremu asko dauzkagu lantzeko: barne zerbitzuen bateratzea, elkarrekin egin ditzakegun proiektu berriak... Bat egiten badugu, aukera berriak sortuko zaizkigu».

Horregatik, HITZAk borondate irmoa du eskualdeko gainerako hedabideekin elkarlana sakontzeko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide