Lasaotarrek Espabilau Eguna ospatuko dute auzoan igandean

E. Albizu Lizaso 2015eko ekainaren 4a

Espabilau Eguna ospatuko dute igandean Lasaon, eta beste urteetan bezala, herri kirolak eta sukaldaritza izango dira protagonistak aurtengo festan ere. Izan ere, trontzan, sokatiran nahiz lokotx biltzen nor baino nor jardun ostean, mantala jantzita neu...

Espabilau Eguna ospatuko dute igandean Lasaon, eta beste urteetan bezala, herri kirolak eta sukaldaritza izango dira protagonistak aurtengo festan ere. Izan ere, trontzan, sokatiran nahiz lokotx biltzen nor baino nor jardun ostean, mantala jantzita neurtu beharko dituzte indarrak auzotarrek, paella egiten. Herri kiroletan aritutako auzotar berberak lehiatuko dira kozinatzen; hori da proben xarma.

Gainontzean, 11:00etan hasiko da jaia Azpeitia eta Zestoa arteko auzoan, joaldunen kalejirarekin. 11:30ean jokatuko dituzte herri kirolak, eta 13:00ak inguruan hasiko da sukaldeko lehiaketa.

Bi txapelketa horiek bukatuta, 14:00etan emango dizkiete sariak herri kiroletan eta sukaldean onenak izan diren taldeei, eta 14:30ean herri bazkaria egingo dute guztiek.

Arratsaldez ere egongo da zer egina Lasao auzoan. 16:00etatik aurrera, adibidez, mus txapelketa jokatuko dute, eta gaztetxoenentzat jolasak eta herri kirolak prestatu dituzte. Hasi bezala bukatuko dute eguna: Espabilau kalejirarekin, 20:00ak inguruan hasita.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide