Aurreko asteburuko lehietan garaipen bana lortu zuten Gabilondok, Maiak, Eizagirrek eta Esoainek. Etzi jakingo da Gipuzkoako Txapelketarako 30 sailkatuak zein diren
Nahikari Gabilondo zarauztarrak, Jon Maia zumaiarrak eta Egoitz Eizagirre eta Ibai Esoain oriotarrek Gipuzkoa Bertsotan txapelketarako sailkapen faserako saio bana irabazi zuten joan den asteburuan. Zortzi jokatu ziren, Zumaian, Oñatin, Usurbilen eta Zirzurkilen; herri bakoitzean bina. Sailkapen fasea bukatzeko bi saio falta dira. Hauek, Ataunen jokatuko dituzte, etzi.Ataungo bi saioen ondoren jakingo dira irailean hasiko den Gipuzkoako Bertsolari Txapelketarako sailkatutako bertsolarien izenak.
Gipuzkoa Bertsotan txapelketarako sailkapen fasean 74 bertsolari ari dira parte hartzen. Eskualdeari dagokionez, hauek dira partaideak: Jon Maia eta Maddi Gallastegi zumaiarrak; Ibai Esoain, Xabier Sukia, Egoitz Eizagirre eta Iñaki Gurrutxaga oriotarrak; Nahikari Gabilondo, Hodei Iruretagoiena, Oier Aizpurua eta Beñat Jauregi zarauztarrak; Eneritz Artetxe azkoitiarra; Aitor Salegi zestoarra; Josu Oiartzabal Iturzaeta, Haritz Garmendia, Oier Etxeberria Zubimendi, Urko Egaña eta Jon Gurrutxaga azpeitiarrak; Danel Olano getariarra; eta, Joritz Basta- rrika aiarra.
Saioei errepasoa
Pasa den larunbatean Zumaiako Aita Marin jokatu ziren bi saio: goizekoan Nahikari Gabilondo nagusitu zen, eta arratsaldekoan Haritz Casabal. Oñatiko Santa Ana aretoan ere beste bi saio izan ziren larunbatean. Kasu honetan, goizekoan, Egoitz Eizagirre oriotarra nagusitu zen. Arratsaldekoa, berriz, Gemma Urteagak eskuratu zuen.
Igandean Usurbilen eta Zirzurkilen jokatu ziren sailkapen faseko beste lau saioak. Usurbilen goizekoan Ibai Esoain oriotarra izan zen aurrena; eta, arratsaldekoan Manex Mujika.
Zizurkilgo goizeko saioan puntuazio onena Ane Labakak lortu zuen. Arratsaldeko saioaren garailea, berriz, Jon Maia zumaiarra izan zen.
Ataunen jokatuko diren etziko bi saioetan hamalau bertsolari ariko dira, bi saiotan banatuta. Urola Kostako bertsolariak ere badira tartean: goizekoan, 11:30ean, Jon Gurrutxaga azpeitiarra ariko da. Arratsaldekoan, 17:30ean, Iñaki Gurrutxaga oriotarra.