'Ondarea bertatik bertara' egitasmoa iritsiko da Urola Kostara asteburuan

Ana Abarisketa 2015eko ekainaren 3a

Zestoako, Beizamako eta Getariako ondarea ezagutu ahal izango da larunbatean eta igandean. Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatu duOndarea bertatik bertara egitasmoaren barruan bisitatuko dituzte asteburuan Beizama, Getaria eta Zestoa. Gipuzkoako Foru Ald...

Zestoako, Beizamako eta Getariako ondarea ezagutu ahal izango da larunbatean eta igandean. Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatu du

Ondarea bertatik bertara egitasmoaren barruan bisitatuko dituzte asteburuan Beizama, Getaria eta Zestoa. Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatu du beste behin proiektua, tokian tokiko museoekin elkarlanean. Urola Kostari begira, bi saio egingo dituzte larunbatean; eta beste bat igandean.

Zestoan eta Beizaman zapatuan egingo dituzte bisitak, eta, igandean, berriz, Getarian. 10:00etatik 12:00etara euskaraz izango da ibilbidea gidariaz lagunduta, eta gehienez 13 lagunek osatutako taldea izango da. Gaztelaniazko ibilbidea 11:30etik 13:30era izango da.

Ekainberrik antolatu du ibilbidea, eta Astigarraga kobazulora eta bere arte labarrera egingo dute bisita. Euskal Historiaurreko leizeen artean, azken aurkikuntzetakoa da Astigarraga haitzuloa. Bere hormetako artea, xumea bada ere, Ekaingo kobarena osatzera dator, ingurune berean eta giza talde berarekin lotuta baitago. Antolatzaileek azaldu dutenez, aukera paregabea izango da kobazulo hau ikusteko, izan ere, bestela ezinezkoa da toki paregabe hau bisitatzea.

Zestoako giden inguruko informazio gehiago izan nahi duenak, 943-86 88 11 telefonoan du eskuragarri; edo, bestela info@ekainberri.com helbide elektronikora idatzi dezake.

Harri Aroa eta Megalitoa

Beizamako ibilbide gidatua Harri Arora eta Murumendiko Megalitoetara izango da. Murumendi inguruan dauden megalitoak bisitatuz trikuharri eta tumuloak daude bertan Harri Aroko bizitza ezagutu ahal izango da.

Ibilbide «erraza» antolatu dute Beizamako Udalak eta Beizama Bizia kooperatibak, familia giroan egiteko aproposa. Hala, 10:30ean hasi eta 12:30era bitartean izango da hitzordua. Aukera ere egongo da tarte berean ibilbidea gazteleraz egiteko. Jarraian ordubetez Beizamako produktuak dastatzeko aukera egongo da Beizamako aterpetxean bertan, 12:30etik 13:30era bitartean.

Ibilbidean parte hartzeko hamar euro ordaindu beharko dira. Informazio zabalagoa dago eskuragarri 630-18 19 94 (Iñigo Altuna) telefonora deituta edo beizamabizia@gmail.com helbide elektronikora idatzita.

Forma eta figura

Kostaldean jarraituko du Ondarea bertatik bertara egitasmoak, igandean. Cristobal Balentziaga izango dute hizpide Forma eta figura familia tailerrean. Jarduera honen helburua da Getariako moda-sortzaile bikain honen kreazio esanguratsuenak diren formen eta geometrien kontzeptuak herritarrei irakastea.

Parte-hartzaileek ikasiko dute bolumenen eta garatu daitezkeen figura geometrikoen sortze prozesua, baita patroietan formak, marrazketa eta horiek nola muntatzen diren ere. Ondorioz, egun batean bada ere, oihalen arkitekto bihurtzeko aukera eskainiko dute.

Egitasmoan parte hartzeko beharrezkoa da izena emate, pertsona kopurua mugatua izango da eta, 11:00etatik 13:00era.

Elebiduna izango da ekitaldia, helduek zazpi euroren truke eta umeek bost eurotan. 943 00 88 40 edo didaktika@cristobalbalenciagamuseoa.com bildu daiteke informazio gehiago.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide