Mendea bete duenean hil da Mikel Garmendia Olaziregi, Ordizian jaiotako gudaria (1915-2015). Makina bat txoko bisitatzea suertatu bazaio ere, Beizaman bizi izan da urteetan goierritarra, eta Azpeitian igaro ditu azken bi urteak, San Martin egoitzan. Euskal Herriko historian bere aztarna utzi duen milaka pertsonetako bat da Garmendia: Eusko Langileen egunkaria saltzen hasi zen oso gazterik, eta Intxarkudia bataloiko kide egin zen Fronte Nazionala Ordiziara sartu zenean. Atxilotu zutenean, heriotza zigorra ezarri zioten, eta hala igaro zituen ia bi urte, Dueso eta Larrinaga espetxeetan. Madrilera eraman zuten ondoren, eta behin espetxe zigorra bukatuta, beste zigorra iritsi zitzaion: soldadutza, Afrikan. Soldadutzatik Valle de Los Caidosera eraman zuten goierritarra, baina ihes egin zuen handik, izen faltsu bat erabilita. Andaluzian hasi zuen bizitza berria, eta han osatu zuen familia ere. Azkenik, 54 urte zituela eduki zuen Euskal Herrira bueltatzeko abagunea.
Bere ibilbide oparoa aitzortzeko omenaldia egin zioten duela gutxi Beizaman, eta 100 urte dituela hil da, senideen babes eta goxotasunarekin.