Asteburuan ospatuko dituzte Trinitate festak Azpeitiko auzoan. Umeentzat eta helduentzat antolatu dute egitaraua: erromeriak eta erronka egongo dira besteak beste.
Trinitate jaiak iristear dira, eta hiru eguneko egitaraua prestatu dute nuarbetarrek. Besteetan bezala, adin guztietako auzotarrentzat egin dituzte jaiak, eta denetik egongo da Azpeitiko auzoan; puzgarrietatik hasi, eta goizaldeko baratzuri-zopa jana egin arte. Auzo txikian, festa handiak! leloa zabaltzen ari dira nuarbetarrak lau haizetara, orain artean egin duten gisan.Erronka kuttuna
Azken urteetan bezala, erleekin apaindu dute nuarbetarrek auzoa eta herria, eta guztiak ohartu dira dagoeneko iristear direla triniak. Jakina, nuarbetarren eta Azpeitiko sokamutilen arteko erronkak leku garrantzitsua du egitarauan. Proba hori igandean jokatuko dute, 18:00etatik aurrera. Lokotx biltzen, soka-tiran nahiz korrikan ariko dira parte-hartzaileak, besteak beste. Auzoan ikusmin handia sortzen duen erronka da, hain zuzen, igandean jokatuko dutena.
Haurrek ere gozatzeko aukera izango dute igandean eta astelehenean Nuarben. Izan ere, haientzat puzgarriak, txokolotada, ume-jolasak, tailerrak eta abar antolatu dituzte bi egun horietarako.
Musikak ere, beti bezala, leku esanguratsua izango du festetan. Erromeriak egunero egingo dituzte, eta larunbatean bestelako kontzertuak ere izango dira ikusgai.