Ekainaren 13rako udalak eratuta eta alkateak zehaztuta egongo dira

Onintza Lete Arrieta 2015eko maiatzaren 26a

Herri askotan alderdi irabazleek inorekin negoziatu beharrik gabe aginduko dute. Erabakiorrak diren alderdi batzuek diote zerrenda bozkatuena errespetatuko dutelaBadirudi udal hauteskundeen ondorenak ezusteetarako tarte gutxi utziko duela. Bai behintza...

Herri askotan alderdi irabazleek inorekin negoziatu beharrik gabe aginduko dute. Erabakiorrak diren alderdi batzuek diote zerrenda bozkatuena errespetatuko dutela

Badirudi udal hauteskundeen ondorenak ezusteetarako tarte gutxi utziko duela. Bai behintzat Urola Kostan. Legeak ezartzen du noizko egon behar duten udalek eratuta eta alkateek aukeratuta. Eusko Jaurlaritzako datuen arabera, ekainaren 13a da horretarako azken eguna. Betiere, emaitzen inguruan auzi prozesurik ez badago (kasu horretan, uztailaren 13rako).

Beraz, normalena litzateke datozen bi asteetan jakitea zein alderdik aginduko duten udaletan, eta zeintzuk izango diren alkateak. Herri batzuetan ez dago inolako zalantzarik. Errezilen, alderdi bakarra aurkeztu delako (EH Bildu); Beizaman, PSE-EE eta Aurrena Beizama Bai aurkeztu, eta boto guztiak bigarrenak jaso dituelako; Azpeitian, Aizarnazabalen eta Zestoan, bi alderdi bakarrik aurkeztu direlako (EH Bildu eta EAJ); eta Aian eta Getarian, bi alderdi horiez gain PSE-EE edo PP ere aurkeztu arren, horiek botorik ez dutelako apenas jaso.

Azkoitian lau alderdik eskuratu dituzte bozak, baina EAJk gobernatuko du beste hirurek elkar hartuko balute ere, gehiengo osoa lortu baitute jeltzaleek.

Beste herri batzuetan egoera ez da horren sinplea, hainbat alderdik baitute giltza udal gobernuak sortzerako orduan. Hala ere, badirudi alderdi bozkatuenek lortuko dituztela alkatetzak kasu horietan ere. Zarautzen, adibidez, EAJri aurre egiteko gainerako alderdiek bat egin beharko lukete (EH Bilduk, PSE-EEk eta Irabazi Zarautzek). Baina kanpainan zehar esandakoa betetzen badute, PSE-EE ez da EH Bildurekin elkartuko, eta Irabazi Zarautzek ere esana du oso zaila ikusten duela inorekin halako akordio bat lortzea.

Aginterako, gizonezkoak

Orion, duela lau urte udal gobernua osatu zuten EH Bilduk eta Orain herri plataformak (EAJ izan zen alderdi bozkatuena), baina plataformak argi esan du kanpainan zehar, aurtengoan bere burua bozkatuko duela alkatea izendatzerakoan; alegia, alderdi bozkatuena babestuko du. Beraz, argi dago EAJkoa izango dela alkatea.

Zumaian ere EAJk izango du alkatetza, oso zaila baita EH Bilduk eta PSE-EEk akordioa lortzea (elkartuz gero zinegotzi bat gehiago izango lukete).

Gauzak hala, ekainaren 13tik aurrera hauek izango dira eskualdeko alkateak: Nekane Arrizabalaga (Aia), Mari Karmen Arregi (Aizarnazabal), Javier Zubizarreta (Azkoitia), Eneko Etxeberria (Azpeitia), Manuel Labaka (Beizama), Xebero Agirretxe (Errezil), Nika Lertxundi (Getaria), Joxe Angel Zaldua (Orio), Xabier Txurruka (Zarautz), Josetxo Mendizabal (Zestoa) eta Oier Korta (Zumaia).

Izen horiek guztiak aintzat hartuta, bi datu aipagarri behintzat badaude: aurrenekoa, guztiak izango direla berriak alkate lanetan, Nika Lertxundi eta Eneko Etxeberria izan ezik (biak EH Bildukoak). Bigarrena, gizonezko agintariak direla nagusi aurtengoan ere. Gaur egun hiru alkate dira andrazkoak, eta ekainaren 13tik aurrera behera egingo du portzentajeak: 11 alkatetatik bi bakarrik izango dira emakumeak. Herri txikietakoak biak. Zerrendaburu izan dira emakume gehiago ere: Uxoa Larrañaga eta Iratxe Ziarrusta (EAJ, Getaria eta Aizarnazabal), Gloria Vazquez eta Ana Priede (PSE-EE, Zarautz eta Orio), Ana de Benito (Irabazi Zarautz) eta Maria Pilar Elias eta Pepa Lafuente (PP, Azkoitia eta Zarautz).

Zinegotzi izango diren 133 politikarien artean, berriz, berdintasuna da nagusi, 72 gizonezko eta 61 emakumezko eseriko baitira udalbatzarretako aulkietan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide