Mus Txapelketak emango dio hasiera, gaur, 22:00etan, Pentekoste festei. Martitte elkarteak antolatuta, IV. Mus Txapelketa izango da aurtengoa; sariak ere banatuko dituzte aurreneko lau sailkatuen artean.
Biharko, berriz, erromeria hasi aurretik, bertso afaria antolatu dute, 21:00etatik aurrera. Iker Zubeldiak eta Iban Urdangarinek jardungo dute bertsotan afarian. Horien atzetik, berriz, Epelde eta Jesus Epelde trikitilariek girotuko dute gaua. Bertso afarian izena emateko, honako telefono zenbakira deitu daiteke: 615- 73 54 05.
Pentekosteen azken egunean, igande goizean, 11:00etan, meza nagusia izango da, eta, ondoren, hamaiketakoa emango dute trikitilariek girotuta. Festei amaiera emateko gaztetxoenekin pentsatu dute Martitte elkarteko kideek. Hala, puzgarriak jarriko dituzte auzoan 12:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara. Begiraleak ere bertan izango dira. Ohikoa denez, jaiak antolatzeko Azkoitiko Udalaren laguntza jaso du Martitte elkarteak.