
Loiolako santutegiaren inguruan dagoen turismo bulegoa berritu egingo dute, eta goiko irudietako itxura hartuko du. Aurten, uztaila amaitu aurretik ireki nahi dute egoitza berria. Azkoitiko eta Azpeitiko udalek Iraurgi Berritzen Urola Erdiko Garapen Agentziaren bitartez eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo Sailak finantzatu dute proiektua, eta udalek jakinarazi dute adjudikatu dituztela lanak. Iruñeako Nuevo Sistema Modular S.L. enpresak egingo du obra, eta azaldu dutenez, eraikin modular aurrefabrikatua izango da, birziklagarria da, eta hala, nahi izanez gero berriro erabili ahal izango da beste toki batean.