Eskualdeko egoitza erdiek sinatu dituzte lan hitzarmenak

Ane Olaizola 2015eko maiatzaren 12a

ELAk egin dituen mobilizazioek «erantzun ona» izan dutela azpimarratu du sindikatuak. Azpeitian, ostiralean sinatu zuten lan hitzarmena adineko egoitzanELA sindikatuak deituta, Gipuzkoako adinekoen egoitzetan hiru eguneko greba egin zuten ostiralera ...

ELAk egin dituen mobilizazioek «erantzun ona» izan dutela azpimarratu du sindikatuak. Azpeitian, ostiralean sinatu zuten lan hitzarmena adineko egoitzan

ELA sindikatuak deituta, Gipuzkoako adinekoen egoitzetan hiru eguneko greba egin zuten ostiralera arte, eta Urola Kostan mobilizazioen balorazio «positiboa» egin du sindikatuak. Enpresetako lan hitzarmenak lortzeko asmoz egin dituzte protestak, eta eskualdean, egoitza erdiek baino gehiagok dagoeneko sinatuta dituzte bi urtetarako akordioak. Zumaiako San Jose egoitzan eta Zarauzko Eguneko Zentroan egin dute greba, eta sindikatuaren arabera, jarraipena «handia» izan da. Gutxieneko zerbitzuak izan dituzte han.

Eulen enpresak kudeatzen ditu Zumaiako eta Zarauzko egoitzak, eta ELAren arabera, akordioa sinatzeko «zailtasunak» ari da jartzen enpresa, eta beraz, batez ere hangoak izan dira protestak egin dituztenak. Biharko enpresak, Azkoitiko San Jose egoitza, Azpeitiko Eguneko Zentroa, Orioko adinekoen egoitza eta Getariakoa kudeatzen ditu, eta haiek lehendik zituzten sinatuta akordioak. Zumaiako Otezuri egoitza, Gerozerlan enpresaren esku dago, eta han ere sinatuta dute lan hitzarmena.

Azpeitiko San Martin, Zarauzko Santa Ana eta Zestoako San Juan egoitzak fundazioak dira, eta lehenengoak bakarrik du oraingoz hitzarmena. Ostiralean sinatu zuten Eneko Etxeberria alkate eta hango lehendakariak eta egoitzako langileen ordezkariek. Zestoako Gisasolan ere ez dute akordiorik; ordezkaritza sindikalik ez dago han.

Gipuzkoako egoitzen %80 aldundiak finantzatzen ditu, eta haien kudeaketa aurrera eramateko 11 milioi euro bideratu ditu. Urtearen hasieratik egoitzek iraungita dituzte lan hitzarmenak, eta akordio berrirako aldundiak egin duen proposamenari eutsi nahi izan diote sindikatuek; ELAk enpresaz enpresa «bermatu» nahi izan ditu aldundiak proposatutako baldintzak. LABek, berriz, hitzarmena Gipuzkoakoa izatearen aldeko apustua egin du. «Ez zaigu iruditzen Adegik lurraldeko hitzarmenak sinatuko dituenik, eta guk lantegiz lantegi blindatu nahi izan ditugu langileen eskubideak», esan du Janire Diaz ELAko Urola Kostako zerbitzu eta adinekoen egoitzetako arduradunak. Lan hitzarmenaren bidez, %2 igoko dizkiete soldatak langileei, eta «Espainiako lan erreformari» eta «prekarietateari» aurre egiteko neurriak hartu dituzte; hala nola, gaixotasunak bajak Mutuatik baino Gizarte Segurantzatik kudeatzea eskatu dute. Horrez gain, behin-behineko langileekin lan poltsak osatzea hitzartu dute.

Protesta gehiagoren premia

Mobilizazioak hasterako Gipuzkoako 15 egoitzetan zituzten sinatuta akordioak. Asteazkenetik ostiralerako protestek «oso erantzun ona» izan dute, eta hitzarmenak sinatu dituzten egoitzak «dezente» izan direla azpimarratu du ELAk. Zentzu horretan, ostiralean Azpeitian sinatu izana «lorpena» izan dela uste dute. Zumaian eta Zarautzen, berriz, «mobilizazio asko» egin beharko dituztela esan dute, baina horretarako «borroka» egiteko prest agertu dira. Oraindik nola egingo duten zehazteke badute ere, mobilizaioekin jarraituko dutela aurreratu dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide