Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako kanporaketak etzi hasiko dira

Eneritz Albizu Lizaso 2015eko maiatzaren 7a

74 bertsolari aurkeztu dira sailkapen fasean, eta 19 Urola Kostakoak dira; haietatik 30ek izango dute aukera txapelketan parte hartzeko, eta 13 sailkatuta daude dagoeneko.Larunbatean hasiko da Gipuzkoa Bertsotan egitasmoa, Gipuzkoako Bertsolari Txapelk...

74 bertsolari aurkeztu dira sailkapen fasean, eta 19 Urola Kostakoak dira; haietatik 30ek izango dute aukera txapelketan parte hartzeko, eta 13 sailkatuta daude dagoeneko.

Larunbatean hasiko da Gipuzkoa Bertsotan egitasmoa, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako sailkapen fasea. 74 bertsolarik parte hartuko dute kanporaketan, eta horietatik 30 sailkatuko dira. Bertsolari bakoitzak bi saiotan abestuko du maiatzaren 9a eta ekainaren 6a bitartean; bi txandetako puntuak gehituta, puntuazio hoberena dutenak sailkatuko dira irailaren 20an hasiko den txapelketara.

Urola Kostako 19 pertsona ariko dira bertsotan sailkapen fasean. Larunbatean abestuko dute Beñat Jauregik, Hodei Iruretagoienak eta Xabier Sukiak. Igandean, berriz, Joseba Agirrek, Ibai Esoainek, Haritz Garmendiak, Urko Egañak, Maddi Gallastegik, Jon Gurrutxagak eta Oier Etxeberriak. Gainontzeko bertsolariek hurrengo asteetan jokatuko dute bigarren txanda.

Lehenengo aldiz batzuk

Jon Gurrutxaga azpeitiarra lehen aldiz aurkeztuko da lehiaketara. 18 urte ditu, eta gazteen artean abestetik helduen mailara igaro da aurten. Dagoeneko parte hartu du zenbait gazte sariketatan, eta «nahiko ezagunak» dira berarentzat kanporaketako ariketak. Argi dauka Gipuzkoan «oso maila ona» dagoela, eta berarentzat «esperientzia» faktore garrantzitsua izango da igandeko saioan.

Igandean «kontzentratuta egotea» eta «fasea igarotzea» dira bere helburuak: «Neure burua ikusten dut txapelketarako sailkatuta. Badakit zaila izango dela, baina saiatu egingo gara».

Gurrutxagarentzat Gipuzkoako Bertso Txapelketan parte hartzea «oso aberasgarria» litzakete: «Guretzat erakusleiho ia bakarrak dira txapelketak; izan ere, plazaz plazako jardunetan gero eta aukera gutxiago izaten dugu gazteok. Gaur egun, betiko hamar bertsolari ibiltzen dira halako erakustaldietan».

Nahikari Gabilondo zarauztarra, berriz, «hiru edo lau aldiz» aurkeztu da Gipuzkoako Txapelketara; ez dago ziur. Baina ondo oroitzen du 17 urterekin jokatu zuela lehen proba. Aurtengoan «semeari ilusioa egiten diolako» aurkeztu da sailkapen fasera: «Nire helburua oso pertsonala da, seme zaharrak eskatuta animatu naiz, eta inoiz baino motibatuago eta gogo handiagoekin joango naiz». Lehen fasea maiatzaren 17an egingo du Gabilondok, Hernanin.

Zarauztarrak dio «gozatzera» joango dela, ez baitu beharrik sentitzen bere buruari eta inori ezer erakusteko. Hala ere, garbi du amaieraraino saiatuko dela gauzak txukun egiten. «Maila ona» egongo dela uste du, eta «kantukide berriak» ezagutzeko parada aprobetxatuko du hark. Eguna hurbildu ahala, «tximeletak sentitzen» hasi da bertsolaria.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide