Azpeitiko Udalak eta Zezen Beltz sokamutur elkarteak ekarpen ekonomikoa egin diete Nepaleko lurrikararen eraginez galera ekonomikoak edo gizatiarrak izan dituzten pertsonei. Azpeitiko Child Bright-eko kideen bidez eman dute diru laguntza. Child Bright Nepaleko umezurtzen aldeko taldea da.
Udalak 5.000 euro bideratu ditu Katmandhu inguruko herrixketara. Erakundeak lehen ere lagundu izan dio Child Bright taldeari; izan ere, udalaren aurrekontuaren %0,7 bideratu ohi dute garapen bidean dauden herrialdeetara eta nazioarteko laguntzetara. «Egungo hondamendia ikusirik, fundazioak laguntza eskatu dio udalari, eta 5.000 euro bideratzea erabaki dugu», azaldu du Leire Etxaniz Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak.
Child Brigth taldeak kontu-zenbaki bat ireki du ekarpenak egiteko: ES72 0030 1036 83 0002483271. Bestalde, www.childbright.org webgunearen bitartez ere lagun daiteke. Horrez gain, elkartekoek tonbola jarriko dute Sanjuandegiko festetan.
Zarautzen ere egingo dute diru bilketa Nepalgo lurrikaran kaltetuak laguntzeko. Hain zuzen, Deban eta Eibarren bizi diren Nepalgo herritar batzuk arduratuko dira dirua biltzeaz. Ostiralean zein larunbatean Kale Nagusian ibiliko dira.