«Eskualdean bi udal soilik jarri nahi ditugu, gastua jaisteko»

E. Albizu Lizaso 2015eko maiatzaren 6a

Politika gustatzen zaiolako sartu zen mundu horretan Manu Agirre (Azpeitia, 1951). Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailean hasi zen aurrena lanean, PSE-EEren agintaldian. Ondoren, Rosa Diezek eskatu zion laguntza, eta harentzat lanean hasi zen. Foru haut...

Politika gustatzen zaiolako sartu zen mundu horretan Manu Agirre (Azpeitia, 1951). Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailean hasi zen aurrena lanean, PSE-EEren agintaldian. Ondoren, Rosa Diezek eskatu zion laguntza, eta harentzat lanean hasi zen. Foru hauteskundeetara UPDko zerrendaburu bezala aurkeztu da.

Zer lehentasun definitu dituzue Gipuzkoarako?

Bost ardatz jarri ditugu. Lehena, ekonomia eta enplegua dira. Krisiarekin asko sufritu dute enpresek, eta Urola Kostan ere ikusi da hori: Corrugados, Azcue, TS Fundiciones... Bigarrena, gastu soziala da: osasungintza, hezkuntza, haurtzaindegi zerbitzuak sendotzea... Hirugarren elementua politikoa da: gardentasuna eta ustelkeriaren borroka. Laugarren xedea, berriz, birsorkuntza politikoa da. Terrorismoak aztarna gogorrak utzi ditu, hori kondenatu egin behar da gobernatzeko. Lehen bi puntuak lantzeko, beharrezkoa da dirua, beraz, gure hautua da gastu politikoetan murrizketak egitea, eredu administratiboa moldatuta.

Nola moldatuko zenukete banaketa hori?

Bost administrazio maila ditugu EAEn, eta denak ez dira behar. Europako herrialde askotan ari dira egiten udal fusioak. Gure proposamena da 88 udalerrietatik 18ra pasatzea Gipuzkoan; 200 milioi euro aurrez daitezke.

Proposamen horren arabera, nola geldituko litzateke Urola Kosta?

Eskualdean, bi udal soilik jarri nahi ditugu, gastua murrizteko. Kostaldean, Orio, Aia, Zarautz, Getaria, Zumaia eta Aizarnazabal batuko genituzke. 43.100 biztanle izango lituzke udal horrek, eta Zarauzko udaletxea kudeaketa gunea izango litzateke. Barrualdean, Zestoa, Azpeitia, Azkoitia, Errezil eta Beizama egongo liratezke, 30.500 biztanle, erdigunea Azpeitian jarrita.

Horrek ez lituzke zenbait lanpostu suntsituko?

Ez, aurkakoa: lan gehiago sortuko da. Gure proposamenarekin ez du galtzen langileak: gastu politikoa soilik murriztuko dugu. Gardentasuna eta kudeaketa sustatzeko, lanpostuak sortuko lirateke. Murrizketak eraikuntzetan, obra handietan eta politikoetan egingo dira.

Foru Aldundia ere kentzea nahi duzue. Nora bideratuko zenituzkete haren eskumenak?

Lan eta eskumen batzuk zuzenean Eusko Jaurlaritzara bideratu behar dira; besteak, berriz, udaletara. Ogasuna, adibidez, Eusko Jaurlaritzatik bideratu beharko litzateke. Ezin duguna onartu da Ermuko eta Eibarko bi pertsonek kopuru desberdinak ordaintzea. Gastu soziala, berriz, udaletara pasatu behar da, haiek baitaude egunero herritarrekin harremanetan. Halako proposamen bat egina dugu.

Non aurkeztu da UPD alderdia?

Donostian eta Irunen soilik aurkeztuko gara udal hauteskundeetara, eta Donostialdeko barrutian foru hauteskundeetara.

Azkenaldian UPD bolada txarra ari da pasatzen Espainian, eragingo dizue hemen ere?

Bai. Gure marka orain behean dago, eta goian daude beste batzuk. Hala ere, gu pozik gaude egin dugun lanarekin. Gure borroka ustelkeriaren kontra eta gardentasunaren alde izan da, eta koherenteak izan gara. Guk krisia dugu barruan; izan ere, gure taldetik Ciutadans-era joan dira zenbait, ikusten zutelako han arrakasta izateko aukera gehiago izan zitzaketeela.

Zein dira zuen helburuak hauteskundeei begira?

Talde ugari sortu dira azkenaldian, eta botoa banatu egingo da. Helburua da diputazioan eta udaletan ordezkaritza izatea.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide