«Gaur hasi gara asimilatzen benetan egin duguna, lortu duguna eta horrek zer garrantzia duen», zioen atzo goizean
Araitz Urtiaga Aiala Zarautz eskubaloi taldeko kapitainak. Bezperako harreraren ondoren parrandatxoa egin zuten jokalariek, baina telefonoaren bestaldean ajerik ez zen nabari haren kontakizunean. «Oviedotik Aritzbatalde aurrera iritsi ginenean eta biribilgunean horrenbeste jende ikusi... izugarria izan zen». Udaletxean egin zieten harrerara propio apaindutako kamioi batean joan ziren, poliki-poliki, musika alaia jarrita eta atzetik adin guztietako jendea jarraika zutela, eta hori ere sekulakoa izan zela azaldu du. «Telebistan ikusten dira halako gauzak, eta hori guk bizitzea... izugarria izan zen. Jendea emozionatuta zegoen, eta hor hasi ginen konturatzen handia zela lortu genuena». 21:30ak baziren ordurako. Udaletxe aurrean jendea zain aurkitu zuten, eta emozioak gora egin zuen ondorengo minutuetan.
Partidaren gakoak
Larunbat arratsaldean lortu zuen Aialak igoera. Oviedon (Espainia) Sporting La Riojaren kontra jokatu zuten, eta harmailetan 300dik gora herritarren babesa izan zuten 60 minututan zehar. Partida bizia eta parekatua izan zen. Lehen zatian errioxarrak gehiago izan ziren, baina bigarrengoan zarauztarrek tinko eutsi zioten, eta azken minutuetan gora etorri ziren, eta ez zuten hutsik egin. 26-24 irabazi zuen Aialak.
«Bagenekien partida gogorra izango zela eta 60 minutuak borrokatu beharko genituela. Beraiek banaka oso onak dira», azaldu du Urtiagak. Baina zarauztarrek ere bazituzten beren armak. «Gu ez gara zazpi jokalari, taldeko lana egiten dugu, asko txandakatzen gara %100 emateko partida osoan zehar, eta afizioak asko animatu gintuen eta baita besteak presionatu ere». 16 jokalariko taldea da, denboraldi hasieran Haizeak min hartu eta ez baita errekuperatu.
Ligan partida bakarra galdu dute, eta beste bat berdindu (biak Sporting La Riojarekin). Denboraldi borobila amaitu da, eta laster hasi beharko dute datorren erronkan pentsatzen. Aurrez, maiatzean Gipuzkoako Kopa jokatuko da, eta Aialak hori aprobetxatu ohi du jokalari gazteei ardurak eta minutuak emateko. Argi gelditu da estrategia ona dela zarauztarrentzat.
Urola Kostako HITZAk
IRUDIETAN jaso zuen Aiala Zarautz taldekoei Zarautzen egindako harrera eta baita
BIDEOAn ere.
http://youtu.be/mlhyPH5r3VM