Kolektiboki lan eta eragin

Nerea Uranga 2015eko apirilaren 30a

Lan munduan prekarietatea gero eta nabarmenagoa da, eta langabetuen multzoa handiagoa. Horri aurre egiteko antolatuta aritu beharra aldarrikatuko dute Maiatzaren Lehenean.Mugimendu sindikalaren eta antolatutako langileariaren borrokaren garrantzia naba...

Lan munduan prekarietatea gero eta nabarmenagoa da, eta langabetuen multzoa handiagoa. Horri aurre egiteko antolatuta aritu beharra aldarrikatuko dute Maiatzaren Lehenean.

Mugimendu sindikalaren eta antolatutako langileariaren borrokaren garrantzia nabarmenduko dute LABek eta ELAk bihar, Maiatzaren Lehenean. «Langileriarentzako oso garai gogorra delako, eta izango delako», dio Amagoia Unanue ELAko Urola Kostako arduradunak. Aldaketaren beharra ere aldarrikatuko dute bihar LABekoek, hala dio Aihotz Aiestaran Urola Kostako arduradunak: «Aldaketa aldarrikatuko dugu, herri aktibaziorako eta eraldaketa sozialerako. Hor, Euskal Herriko Eskubideen Karta Soziala martxa hartzen ari da. Bertan, inoiz baino eragile gehiago batu gara aldaketa baten ideiarekin, eta uste dugu eragiteko gune polita dela».

«Krisia erabiliz, kapitalak langileria zatituarazi egin du. Ondorioz, desberdintasun soziala areagotzen ari da», sindikatuek salatu dutenez. Aiestaranek horren adibide bat jarri du: «Esaterako, lehen enpresa batean ehun langile edo gehiago bloke bat ziren. Baina, orain, langileria inoiz baino zatituago dago: lantegi bakar batean, batzuk enpresak zuzenean kontratatutakoak dira, beste batzuk azpikontratatutakoak eta beste batzuk, berriz, Aldi Baterako Laneko Enpresen bidez hartutakoak».

Sistema kapitalistak krisia bere mesedetan erabili duela diote sindikatuek. «Gaur egun hazkunde ekonomiko bat ote datorrenaren ilusio faltsu bat dago, baina sistema kapitalistak krisi hau erabili du hemendik aurrerako gizarte eredu bat modelatzeko. Oinarri batzuk jarri dira, eta horrek desberdintasun soziala areagotuko du. Barne produktu gordinaren hazkundea emango da; baina arazoa da, hazkunde horrekin sortzen den lana nola banatzen den», dio Unanuek. Horrenbestez, langabezia tasa kuantitatiboen atzetik azterketa kualitatiboa egin beharra azpimarratu du.

Prekarietatea areagotu egin da lan munduan: lan baldintzak kaskartuz; langileria zatituz (azpikontratatuak, Aldi Baterako Laneko Enpresen bidez kontratatuak); lanorduak igoz; soldatak izoztuz eta jaitsiz. Horrez gain, lanik gabe dagoen jende multzoa ere gero eta zabalagoa da. Horretan, sindikatuek badute zeresana ELAkoaren ustez: «Langile klaseari gelditzen zaigun arma bakarra, kolektiboki antolatu eta eraso horri guztiari aurre egitea da. Horretarako, langileriaren toki autoktonoa sindikalgintza da».

Sindikatuak, moldatzen

Sindikatuek aurrez aurre erronka berriak dituzte. Horiei erantzuteko, ordea, betiko jarduteko moduak ez die balio, eta lanean hasita daude bai ELA eta bai LAB. Aiestarenek dioenez, sindikatuen jarduteko modua langileen behar berrietara moldatu beharra dago, eta LAB ari da: «Gure estilo zaharrak erresistentzia egiteko balio du, baina sindikalgintzak ezin du haratago joan langileria zatituta baldin badago. Esaterako, orain sindikatuaren barruan birpentsatzen ari gara. Diogu: gaur egun sindikalgintza inoiz baino garrantzitsuagoa baldin bada, sindikalgintzak erantzuten al dio inoiz baino garrantzitsuagoa den une honi?».

ELAn ere sortutako behar berriei nola erantzun jakiteko lanean ari dira, azterketa eta lanketa desberdinak eginez. Hauek ere uste dute, sindikatuen lana behar horiei erantzuteko moldatu beharra dagoela: «Gu enpresetan lanean dabilen langileengana iristen gara. Baina, lan mundura oso modu prekarioan sartzen direnen esparrua eta langabetuena gero eta multzo handiagoak dira; sindikatuak horiei guztiei erantzun bat eman behar dio. Guretzako erronka handi bat da, eta egokitu beharra daukagu».

Maiatzaren Lehenean zer?

Prekarietateari ez! lelo hartuta manifestazio nazionalera deitu du biharko ELAk Bilbon: 11:45ean, Jesusen Bihotzean ekitaldia egingo dute, eta 12:15ean abiatuko da manifestazioa bertatik. Urola Kostako eskualdetik hiru autobus joango dira. «Manifestazioaren ondoren Areatzan bazkaltzeko 1.500 pertsona bilduko gara. Aurten, bazkariaren formula aldatu, eta bertako produktuekin egingo dugu».

LABek, aldiz, eskualdeka deituko ditu mobilizazioak, Langileok borrokan! Euskal Herria aldaketa bidean leloarekin. Urola Kostan oinezko martxa bat egingo dute Zestoara: Azpeititik, Etxe Zuri aurretik 10:00etan aterata, eta Zumaiatik, Beheko Plazatik, 10:00etan irtengo dute. Gero, 12:00etan, manifestazioa egingo dute Zestoan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide