Galdeketa aurreratzea eskatu du Zestoako Harrobia plataformak

Eneritz Albizu Lizaso 2015eko apirilaren 29a

Udalak esan du parte hartze prozesua martxan dela, eta ez dela bukatu herritarrei informazioa ematea. Erakundeak ziurtatu du hartutako konpromisoa beteko duela.Zestoako Harrobia Herri Plataformak udalari eskatu dio herri galdeketa hauteskunde aurretik ...

Udalak esan du parte hartze prozesua martxan dela, eta ez dela bukatu herritarrei informazioa ematea. Erakundeak ziurtatu du hartutako konpromisoa beteko duela.

Zestoako Harrobia Herri Plataformak udalari eskatu dio herri galdeketa hauteskunde aurretik egiteko. Horretarako, bi arrazoi aurkeztu ditu: batetik, ez dakitelako hurrengo agintaldiko politikariek herriaren hitza errespetatuko duten edo ez; bestetik, esan du ez duela zentzurik prozesu hau luzatzeak, «zestoar askoren sufrimendua» tartean dagoelako.

Plataformak ohar bidez adierazi duenez, «informazio ugari» eskuratu dute beraiek, eta honako ondorioak atera dituzte: Osinbeltz «hiri hondakinen zabortegia» izango dela, Lapatxen antzera; eta hara botako duten materiala ez dela inertea izango. Hori dela-eta, esan dute ez duela zentzurik galdeketa azarora atzeratzeak, aldundiko Ingurumen Saila nork kudeatuko duen ere ez dakitelako.

Baliabide ekonomikoak ere aipatu dituzte herri plataformako kideek: «Honek guztiak baliabide ekonomikoen galera dakar berarekin; eta ez dugu ulertzen, herritarrek ezezkoa emanez gero, zer zentzu duen egingo ez den proiektu batean dirua inbertitzen jarraitzeak».

Prozesua ez da bukatu

Leire Etxeberria Zestoako alkateak esan du parte hartze prozesua ez dela bukatu, eta orain ezin dela eskatu herri galdeketa aurreratzeko: «Konpromisoa hartu genuen herritarren iritzia entzuteko, haiek informatzeko, eta horretan ari gara». Abian jarri zuten zikloa azaroari begira egin zuten, eta oraindik bilerak eta saioak egiten ari dira.

Horrez gain, Etxeberriak nabarmendu du «ezinezkoa» dela galdeketa egitea, maiatzaren 8an kanpaina hasten delako. Kanpaina barruan, udalek ezin dute inauguraziorik egin, ezta agintaldiko lorpenak edo erabakiak nabarmentzeko prentsaurreko edo ekintza publikorik antolatu ere. Alkatearen arabera, beraiek ekitaldi politikoekin batera ikusten dute galdeketa. Hala ere, horri baino garrantzi gehiago eman nahi dio «herritarren hitzari» eta hura babesteko hartu zuten konpromisoari.

Galdeketaren harira Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioa (GHK) egiten ari den bilerei eta informazio saioei dagokienez, herri plataformako kideek salatu dute «aldebakarreko» informazioa eman dutela udalak eta GHK-k. «Informazioa ukatu eta ezkutatu» egin dela esan dute haiek. Horrez gain, sarean jarri dituzte, beraien arabera, udalak erantzun ez dizkien gutunak. Gutun horietan, batik bat, informazioa eskatzen zioten herri plataformako kideek erakundeari: zergatik hautatu duten Osibeltz biltegia egiteko, zein den Jaurlaritzari aurkeztutako proiektua, eta abar.

Horren aurrean, alkateak jakinarazi du herritarren esku jarri izan dutela informazioa beti. Gainera, esan du bitartekari lanak egiten ari dela udala Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioaren eta plataformaren artean. Izan ere, haiek eskatu duten informazioa GHK-ren eskumenekoa da, Etxeberriaren hitzetan. «Jarraipen mahaian dena azaldu da, eta informazio desberdina kontrastatu da. Bestalde, guk ere ez dugu guztia eskura, Jaurlaritzarekin ere harremanetan gaude beraien txostena lortzeko. Zerbait izatean, guztiek ikusteko moduan jarriko dugu», esan du Zestoako alkateak

Bestalde, alkateak Zestoako Harrobia herri plataformako kideak gonbidatu ditu saio informatiboetara joatera, eta han beraien iritzia ere azaltzera. «Gipuzkoako Hondakinen Kontsor- tzioa bere proiektua ari da azaltzen, baina herritar eta talde guztiek dute eskubidea bilera horietan beraien ikuspuntua eta informazioa aurkezteko», nabar- mendu du Etxeberriak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide