Alderdi Popularrak (PP) Urola Kostako zortzi herritan aurkeztu ditu udal hauteskundeetarako hautagaitzak: Aizarnazabalen, Azkoitian, Azpeitian, Getarian, Orion, Zarautzen, Zestoan eta Zumaian. 2011koan baino hautagai talde gutxiago aurkeztu ditu orain; orduan, Urola Kostako herri guztietan izan zuen hautagai zerrenda.
Zortzi herritan aurkeztuko da PP, baina bi herritan ez beste guztietan eskualdetik eta Euskal Herritik kanpokoak dira zerrendaburuak. Zarauzko PPren alkategaia Pepa Lafuente Grasa zarauztarra da, eta Azkoitiko popularrena Maria Pilar Elias Zabala azkoitiarra.
Gipuzkoako PPtik UROLA KOSTAKO HITZA-ri emandako datuen arabera, honakoak dira Alderdi Popularrak Urola Kostako herrietan aurkeztu dituen alkategaiak: Aizarnazabalen Sergio Alarcon aurkeztu du, 18 urte ditu eta Valentziakoa da; Azpeitian, Yago Mendez, 20 urtekoa eta Coruñakoa; Getarian, Guillermo Garcia, 20 urtekoa eta Madrilgoa; Orion, Antonia Ruperez, 64 urtekoa eta Albacetekoa; Zestoan, Estrella Gilabert, 48 urtekoa, Albacetekoa; eta, Zumaian, Ana Maria Aisa, 45 urtekoa, Zaragozakoa.