Askotan uste izaten da antzerkilariak eta, orokorrean, artistak, alfer batzuk garela, gustuko duguna egiten dugulako gure lanak ez duela baliorik, egun batetik bestera sortzen direla gure lanak inolako esfortzurik gabe....
Aurtengo Pazko Astean Ttak teatroa Nafarroan izan da. Sorkuntza lan baten hasieran gaude eta lehen urratsak emateko asmotan lau eguneko egonaldia egin dugu Ultzama bailarako nekazal etxe batean.
Hementxe helarazi nahi dizkizuet bertan izandako bizipenen zatitxo bat, gure lanera piska bat gehiago hurbildu zaitezten eta zer nolako gorabeherak izaten ditugun gehixeago ezagutzeko.
2015-IV-7. «Hamarretan etxetik irten. Galduta egotearen sentsazioa.Nondik hasi? Alde egin nahi dut. Zerbait egin beharraren eta hau dena pasa arte desagertzearen arteko barne-borroka. Txoriak entzuten ditut etengabe.Poliki-poliki ibiliko naiz, beharbada biraka hasten banaiz...
Ez dut markatutako bidetik joan nahi, ah! Hemen hesia apurtuta dago, zelaira sartuko naiz eta nik egingo dut bidea nire pausoekin. Belarra bustia dago, oinak busti zaizkit. Errekara hurbiltzen naiz, beste hesi bat dago, ezin ura ukitu, uraren hotsak goxatzen nau, hurbilekoa egiten zait, lasaigarria. Hemen hesia bukatzen da, uretara jaitsi naiteke. Zapatak kendu ditut eta erreka zeharkatuko dut beste aldeko zelaira joateko. Burua, burua, burua, burua... Zoratu egingo naiz! Ezin dut gelditu! Ura hotza dago,oso hotza, oinek min ematen didate, hala ere zeharkatu dut erreka. Zelaian nago,belarra pantorrilla erdiraino iristen zait. Xomorro bihurtu nahiko nuke belar artean ezkutatzeko, galtzeko...! Bidera itzuliko naiz. Banoa. Behiak entzuten dira hurbilean, mmmmmmmmmm...
Hara! Kanposantua! Sartu ote naiteke...? Bai, atea irekita dago. Sartu naiz. Txikia da. Hilobiak lurrean daude batzuk eta gutxi batzuk kaioletan. Hau lasaitasuna! Begiratu ditut izenak, datak, adinak... Ertz batean eseri naiz. Txoriak entzuten ditut etengabe. Alde egin nahiko nuke, desagertu, errazagoa litzateke. Baina ez, zerbait egin behar dut.
Zerbaitetara etorri naiz hona, ez? Burua,burua,burua... ezin gelditu. Zoratu egingo naiz. Banoa kanpora. Iraia ikusi dut urrunean, gorutz doa. Zein bide hartuko dut orain? Banoa Iraiaren pausoen atzetik. Bidegurutzean ezkerreruntz hartu dut nik, eta egurrezko aulkitxo batean eseri naiz bizkarra horman apoiatuta. Lorez beteriko zuhaitzak ditut aurrean, erlez josiak, loreen nektar gozoa etengabe xurgatzen.
Ur ez-edangarria jartzen duen iturri dotore bat dago txoko honetan. Tragoa eman diot urari, eta banoa. Hesi baten atzean ahuntzak ikusi ditut,oso txikiak dira batzuk. Burua, burua, burua, burua, ezin geratu. Ba al dut ezer esateko? Adierazteko? Emateko? Blokeatuta nago. Ez dakit zer egin. Zerbait egin behar dut? Beeeee, beeeeeee, beeeeeee... Banoa... Zure hitzek, zuk izan nahi duzuna adierazten dute, zure ekintzek nor zaren».
2015-IV-8. «Zerbait polita entzun nahiko nuke.Bidean abiatu naiz. Atzoko bide berdina hartu dut. Bidegurutzean gaur ezkerretara joan naiz, eta gaur zuhaitz arte batera iritsi naiz oharkabean. Zuhaitz baten enborraren oinarrian eseri naiz. Haizea dago. Ezkerreko belarria zaindu behar dut. Eskuineko belarritik txorien kantuak entzuten ditut, ezkerretik antzarren oihuak, ez dira aske dio nire buruak eta ezkerreko belarriak min ematen dit. Entzun nahi ez nituenak entzutearen mina da, edo entzun nahi nituenak ez entzutearena. Zerbait polita entzun nahiko nuke. Ezkerreko eskua jarri dut ezkerreko belarriaren gainean, goxatzeko, babesteko, maitatzeko... Jaiki eta aurrera noa,errekara iritsi arte.
Gaur ez dago hesirik errekaren inguruan, honek ongi sentiarazten nau.Gizakiaren eskutik kanpo geratzen diren natura zati hauek, paradisu modukoak dira, barreneko alderik sakratuenarekin topatzera naramate, eta bertan etzan egin naiz.
Uraren hotsak kulunkatzen nau, haizearen marmarrak zuhaitzen adarrak dantzan jartzen ditu eta zu beraiekin dantzatzera gonbidatzen zaituzte, txori askearen kantua abestu nahiko nuke, entzundakoak entzunda ere, edo entzun nahiko nituzkeenak ez entzunda ere nire belarriak mindu ez daitezen. Maite zaitut. Nork? Nik. Nork? Ainhoak. Nork? Zuk? Maite zaitut.Nor? Ni. Nor? Ainhoa. Nor? Zu?
Uretara hurbildu eta uraren islada begiratu dut. Kanpoan beti barrenekoaren islada ikusten ohi dugu. Errekaren sakoneko lurra ikusi dut gaur, ez da nire irudirik ageri uretan, lur bilakatu ote naiz? Desagertu? Alde egin ote dut? Zerbait polita entzun nahiko nuke. Maite zaitut...