«Etorkizuna ehuntzeko» garaia iritsi da

Eneritz Albizu Lizaso 2015eko apirilaren 23a

Ekainaren 21ean Euskal Herriko hiriburuetan egingo dituzten ekitaldiak babesteko atxikimenduak biltzen ari da Gure Esku Dago. Larunbateko Ehuntze Eguna erabiliko dute herritarren ilusioa pizteko.Ekainaren 21a gerturatzen ari den heinean, Gure Esku Dago...

Ekainaren 21ean Euskal Herriko hiriburuetan egingo dituzten ekitaldiak babesteko atxikimenduak biltzen ari da Gure Esku Dago. Larunbateko Ehuntze Eguna erabiliko dute herritarren ilusioa pizteko.

Ekainaren 21a gerturatzen ari den heinean, Gure Esku Dago egitasmoa lanean ari da, herriz herri. Guztiek data bera dute abiapuntu eta helburu. Egun hori ezagutarazteko eta herritarrak martxan jartzeko, makina bat ekitaldi antolatu dituzte Urola Kostako udalerrietan larunbat honetarako. Beraz, Ehuntze Eguna ospatuko dute Euskal Herriko txoko askotan, eta «etorkizuna josteko» unea iritsi dela erakutsiko du Gure Esku Dago-k.

Joan den urtean, egitasmoari atxikimendua emateko giza-kateko metroa erosi behar zuten euskal herritarrek. Horrela osatu zituzten Durangotik Iruñea arteko 123 kilometroak, eskuz esku. 150.000 herritarrek parte hartu zuten ekimen hartan.

Aurtengoan, oihala jostea edo margotzea izango da bidea ekainaren 21ean erabakitzeko eskubidearen irudia islatuko duen hautetsontzi erraldioa eratzeko. Izan ere, data horretan hautetsontziak irudikatuko dituzte euskal herritarrek Donostian, Bilbon, Iruñean, Baionan eta Gasteizen. Urola Kostako bizilagunei Anoeta futbol zelaira joatea suertatuko zaie. Hala, hilabete hauetan jasotako atxikimenduekin eta oihalekin osatuko dute ekainean hautetsontzia Donostian.

Helburuaren bila

Helburu hori lortzeko, Azpeitiko Gure Esku Dagok lokala ireki du atxikimenduak lortzeko, joan den urteko toki berean, Foru Ibilbide kaleko 7. zenbakian. Azpeitiarren xedea da ekainerako 2.000 atxikimendu biltzea, eta 500 pertsona joatea Anoetako ekitaldira. Joan den urtean 1.500 herritarren babesa lortu zuten.

Bestalde, Azkoitian, 600 atxikimendu eskuratu dituzte dagoeneko, eta beste 100 lortzeko helburua dute, epe motzean.

Kostara begira jarriz gero, Orion ere lanean ari dira, eta argi dute «garrantzitsua» izango dela ekaineko hitzordua: «Ekainaren 21a etorkizunari begira jartzeko eguna izango da. Gure oihalekin orain hautetsontzia irudikatuz, etorkizunean erabakia hartzeko bidean aurrerapauso garrantzitsua emango dugu herritarrok egun horretan».

Zarautzen ere 2.400 babesen marka hausten saiatuko dira. Iaz, 1.000 pertsonatik gora izan ziren giza-katean, eta zifra hori hobetzea espero dute. Haiek Patxiku kaleko 1. zenbakian jarri dute lokala, santamarinetan taberna jartzen duten gunean.

Herri ia gehienetan hasi dira ekintzak egiten eta atxikimendua lortzeko lanean. Larunbatekoa mugarria izango da, termometroa.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide