Bailarako historia ezagutzeko bost geltoki dituzte herritarrek

Ane Olaizola 2015eko apirilaren 21a

Iraurgi Berritzenek zazpigarren aldiz prestatu du Bost Geltoki Historian proiektu turistikoa. Museoetarako eta tabernetarako txartela hamabi eurotan erosi daitekeIraurgi Berritzen agentziako Turismo Sailetik koordinatzen eta kudeatzen den Bost Geltoki ...

Iraurgi Berritzenek zazpigarren aldiz prestatu du Bost Geltoki Historian proiektu turistikoa. Museoetarako eta tabernetarako txartela hamabi eurotan erosi daiteke

Iraurgi Berritzen agentziako Turismo Sailetik koordinatzen eta kudeatzen den Bost Geltoki Historian egitasmoa abiatu dute zazpigarren urtez. Abenduaren 8ra bitartean, bailarako produktu turistikoa eta historia ezagutzeko bost geldialdi egin ahal izango dituzte bisitariek honako museoetan: Zumaiako Algorri Naturaren Ezagutza Etxean, Zestoako Ekainberrin eta Lili Jauregian eta Azpeitiko Euskal Burdinbidearen Museoan eta Loiolako santutegian. Bailarako eskaintza gastronomikoarekin osatu dute proiektua.

Aste Santutik abian da ekimena, eta antolatzaileen arabera, geltoki horiek bisitatuz «publikoari bidaia bat» egiteko aukera eman nahi diote: «Bidaia geografikoa alde batetik, Zumaiatik Azkoitiraino Urola bailara zeharkatuz; eta, bidaia historikoa bestetik, historiako zenbait aro, pertsonaia edo momentu esanguratsu interpretatuaz eta lehen eskutik ezagutuz».

Museoez gain, honako tabernek ere parte hartuko dute eskaintza turistikoan: Kresala taberna (Zumaia), Fati Taberna (Zestoa), Oñatz taberna (Azpeitia) eta Kiruri taberna (Loiola, Azpeitia). Hori hala, Bost Geltoki Historian proiektuan parte hartzen dutenek eskaintza bereziak izango dituzte museo eta tabernetan. Hamabi eurotan eros daiteke txartela, bost museoen sarrerek batuta balio dutena baino %50 merkeago da. Horren truke, museo bakoitzera sartu ahal izango dute, eta taberna bakoitzean pintxo eta edari bat hartu ahal izango dute, bi eurotan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide