2014ko errenta aitorpena egiteko unea iritsi da, eta Azpeitiko Udalak gogorarazi du herritarrek hura euskaraz egiteko aukera eta eskubidea dutela. Hori dela-eta, erakundeak herritarrei dei egin die Gipuzkoako Ogasunarekin harremanetan jartzean, izapideak euskaraz egiteko.
Joan den urtean, Azpeitian, herritarren %33,83k egin zuen errenta aitorpena euskaraz; hiru biztanletik batek, alegia. Ainhoa Beristain udal zinegotziaren arabera, «marka ona» da 2014an lortutakoa, baina ezin da «erlaxatu». Haren hitzetan, garrantzitsua da errenta aitorpena euskaraz egitea, horrek «balioa» ematen diolako hizkuntzari.
2008tik, urtez urte hazi da izapideak euskaraz egin dituzten herritarren kopurua. Azpeitiarren %27,76 ziren duela zazpi urte; %28,23, 2009an; %29, 2010ean; %30,52, 2011n; %31,86, 2012an eta %33,83 joan den urtean. Hain zuzen, 2.566 errenta aitorpen egin zituzten euskaraz, orotara, 2014an.
Errenta aitorpena euskaraz nola egin ez dakitenentzat jarraibideak prestatu ditu Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak. Bertan erakusten dute aitorpena nola egin euskaraz autolikidazioan, mekanizatuta edo Internet bidez. Herriko adieraz-guneetan jarriko dute informazioa, eta etxez etxe ere banatuko dituzte argibideak, beraien aldizkariarekin batera. Hala ere, oro har, aitorpena euskaraz egin nahi dutenek nahikoa dute hori bera adierazita; Internet bidez izan, banketxean, aholkulariarekin edo Ogasunaren agiriak jasotzerakoan.
Errenta aitorpena euskaraz egin daitekeenetik Azpeitiak izan ditu zifra onenak Gipuzkoan, 10.000 biztanletik gorako udalerrien artean. Inguruko herriei dagokienez, Azkoitian %25ek egin zuen joan den urtean aitorpena euskaraz; eta hirugarren lekuan dago sailkapen horretan, Oiartzunen (Gipuzkoa) atzetik.
Eskualdeari begira, Zestoa da zifra onenak dituena, %35era iristen baitira.