«Esperientzia» eta «aire freskoa» EH Bildun

Urola Kostako Hitza 2015eko apirilaren 21a

Urrategi Alberdi eta Nika Lertxundi berriz aurkeztu dira Azkoitiko eta Getariako alkatetzetara. Xebero Agirretxe eta Mikel Goenaga dira Errezilgo eta Zarauzko hautagaiakAzkoitin, Errezilen, Getarian eta Zarautzen EH Bilduko ordezkari batzuk berriro aur...

Urrategi Alberdi eta Nika Lertxundi berriz aurkeztu dira Azkoitiko eta Getariako alkatetzetara. Xebero Agirretxe eta Mikel Goenaga dira Errezilgo eta Zarauzko hautagaiak

Azkoitin, Errezilen, Getarian eta Zarautzen EH Bilduko ordezkari batzuk berriro aurkeztuko dira udal hauteskundeetara. Beste zerrendakide batzuk «aurpegi berriak» dira. Egunotan aurkeztu dituzte lau herriotan koalizioko hautagai zerrendak, eta bat egin dute denek datozen lau urtetarako dituzte helburuekin. «Gardentasuna, parte-hartzea, lan egiteko konpromisoa eta ardura» aipatu dituzte, besteak beste.

Azkoitiko EH Bilduk «herria aldatu nahi duten herritarren etxea» izan nahi du. Azken agintaldiko lanari begira, koalizioko hautagaiek «herritik eta auzoetatik» eginiko lana helburu izan dutela nabarmendu dute, «gardentasuna» eta «parte-hartzea» oinarrian izan dituena. Urrategi Alberdi alkatea da Azkoitiko EH Bilduren alkategaia, eta nabarmendu du berak, taldeak eta Azkoitiak «amets bat» dutela: «Herri libreagoa, anitzagoa, parekideagoa, justuagoa… egiteko ametsa».

Hori lortzeko, talde «zabala» eta «anitza» aurkeztu dute, «ilusioz eta indartsu» lan egiteko gogoarekin. Besteak beste eta hurrenez hurren: (2.) Jesus Mari Oteiza, (3.) Idoia Uranga, (4.) Jakes Uranga, (5.) Gaizka Larrañaga, (6.) Ainara Goenaga, (7.)Jon Ander Larramendi, (8.) Iraitz Otaño, (9.) Edurne Izagirre eta (10.) Miren Alberdi.

Getarian ere «talde indartsua» izango du EH Bilduk; batetik, azken lau urtetan udal gobernuan izan diren kideak daude, tartean Nika Lertxundi alkatea; eta, bestetik, aurpegi berri batzuk: «Esperientzia, lan egiteko konpromisoa eta freskura uztartzen ditu hautagaitzak. Aurrerantzean ere, orain arteko bidean sakonduz Getaria hobe bat eraikitzeko ilusio eta gogo handiz jarduteko prest gaude».

Lertxundiren ondoren, honakoak aurkeztu dira Getariako EH Bilduko hautagai gisa: Begoña Garate, Amets Etxabe, Ibon Gereka, Arantza Agirrezabalaga, Floren Iribar, Iker Azkue, Aizpea Peña, Ekaitz Esteban eta Edurne Irigoien.

«Aurpegi berriak»

Xebero Agirretxe eta Mikel Goenaga dira, hurrenez hurren, Errezilgo eta Zarauzko EH Bilduko alkategaiak. Herri horietarako alkatetzarako «aurpegi berriak» biak. Agirretxek agindu du saiatuko direla gauzak ondo egiten: «Herritik hasi, eta egunero herritarrekin lan egingo dugu». Horretarako, Nekane Zinkunegi, Jon Ziarsolo, Bittori Otaegi, Koldo Arzallus, Maria Jesus Salsamendi, Ane Uzkudun, Jokin Uzkudun, Arkaitz Arruti eta Gloria Escudero izango ditu alboan. Hautagaiek, azken hauteskundeak irabazi ostean, «ilusioari lana gehitu» zitzaiola gogoratu dute, eta aurrerantzean ere ez dela «gutxiago» izango. Orain, udala ezagututa, lana «azkarrago» eta «hobeto» egingo dutela ziurtatu dute.

Naiara Carvajalek, Iñaki Eizagirrek, Karmele Alberdik, Aitor Kortak, Xabier Vazquezek, Ane Arrutik, Jabi Etxaburuk, Ane Eizmendik eta Begotxu Olaizolak osatzen dute, besteak beste, Zarauzko EH Bilduren zerrenda. Alberdik, Eizagirrek, Eizmendik eta Etxaburuk «udalgintzan esperientzia» dute; Carvajalek, Kortak, Vazquezek eta Arrutik, berriz, zarauztarrekin lan egiteko «espiritu berria» gehituko dute.

Bigarren hautagaiak dio duela lau urte «talde ausart batek» hasitako lanari jarraipena eman behar diotela, «aldaketaren hazitik jaiotako landaretxoa ureztatzeari» ekingo diotela, «erro sendodun zuhaitz bat bihurtzen den arte».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide