BBi urte eta erdi pasa dira, 2012ko irailean Barrura begiratzeko leihoak filma aurkeztu zutenetik. Bost euskal presoren (...) inguruko dokumental filma da beste bost euskal zuzendarik, Josu Martinez, Eneko Olasagasti, Mireia Gabilondo, Enara Goikoetxea eta Txaber Larreategik zuzendutakoa.
Presoen inguruko bost istorio txikik osatzen dute filma eta komunikabide nagusiek presoei buruz eman ohi duten ikuspegitik haratago doa bertan azaltzen dena. Presoa izateaz gain, pertsona agertuko zaigu, bere ingurune hurbila, giza dimentsioa. Labur esanda, atxilotua izateko falta zaizkion egunak zenbatzen dituen neska gaztea; 17 urteren buruan Euskal Herrira itzultzen den gizona (...); preso den alabarekin izandako elkarrizketa guztiak kasetetan grabatzen dituen ama edo espetxearen bakardadean bere burua topatu nahian dabilen unibertsitateko irakaslea agertuko zaizkigu.
Zinez ekoiztetxeak, herritarrek emandako diru laguntzei esker sustaturiko filma, Euskal Herrian zehar eman zen, erantzun bikaina jasoaz, 13.000 lagunetik gorak ikusi baitzuten (...). Aurkeztu zutenetik bi urte pasa ondoren, ETBn ematen ez zutela ikusirik arazoren bat ote zegoen jakin nahian, ETBko zuzendari Edu Barinagarekin hitz egiteko (...) aukera izan nuen 2014ko abenduaren 9an. Barinagaren iritziz filma «interesgarria» zen eta ekoizleekin arazorik ezean telebistan emateko asmoa agertu zuen. Jarraian, Zinez-eko arduradun batekin harremanetan jarri, eta inolako arazorik (...) ez zegoela adierazi zidan.
Kontuak kontu, lau hilabete pasa dira, eta tarte horretan aurretik ETBn emandako dozena bat film edo eta emankizun (...) enegarren aldiz errepikatu dituzte. Beraz, Barinaga jauna, ezin esan Barrura begiratzeko leihoak film «interesgarria» emateko tarterik ez duzuenik izan (...).
Aitzakiarik behar izatean, jakin, filmeko preso bat, Irati Tobar, epaiketa egin eta sententzia atera zain dagoela. Jexux Mari Zalakain Kazetaritza fakultateko irakasle laguna, berriz, Egin egunkariko administrazio kontseiluan idazkari lanetan aritzearren, zortzi urteko kondena osoa betetzear da hilabete batzuren buruan. Aitzakia ederra beraz, aitzakiarik behar ez duen film hunkigarri duin hau, behingoz bizkar emateari edo izkin egiteari utzi, eta guztion zergetatik finantzatzen den Euskal Telebistan emateko.