Eskualdeko kultura eta kirol alorreko dozenaka lagunek sinatu dute eskaera. Euskal hiztunei ere galdegin diete kameren aurrean euskarari eusteko.
Urola Kostako kultura eta kirol esparruko dozenaka bizilagunek eskatu dute ETB2n euskaldunak gaztelaniaz hitz egitera ez bultzatzeko. Iaz eskaera bera egin zuten euskararen arnasguneetan, eta aurtengoan Euskal Herri osora hedatzea eskatu dute. 140 euskaldun inguruk sinatu dute eskaera, eta asko dira Urola Kostako udalerrietakoak.Herenegun egin zuten agerraldia, Donostian, eta ETB-ko zuzendaritzari honakoa eskatu diote: «Agindua eman diezaiela kazetari guztiei euskaldunak gaztelaniaz hitz egitera ez behartzeko». Euskal hiztun horien hitzak azpidatziekin joan litezkeela proposatu dute. Modu horretara, euskarari «ikusgarritasuna, entzungarritasuna eta bizitasuna» emango litzaiokeela argudiatuta. «Gure herriaren oinarri, osagai eta funtsa dela agertuko luke ikusle guztien begietara», adierazi dute.
Pako Aristi idazleak eta Itziar Ituño antzezleak hartu zuten hitza agerraldian, eta haiek azaldu zuten euskaldunak gaztelaniaz egitera behartuta, Euskal Herriko mapa soziolinguistikoa «desitxuratzen» dutela, eta euskararen normalizazioari «boikota» egiten diotela; nahiz eta normalizazioa izan, sorreran, ETB-ren benetako xedea.
Ardura ETB-ren gain jarri badute ere, herritarrei eskatu diete telebistako kamera bat hurbiltzen zaienean euskara erabiltzeko, «beraien gain» hartzeko «hitzaren ardura».