Soreasuko aparkalekuen erabilera sustatzeko, haien alokairua ia erdi preziora jaitsi du Azpeitiko Udalak, eta gaurtik aurrera egin daitezke eskaerak udaletxean. Orain artean 550 euro balio zuen urtebeteko errentak Soreasuko parkinean, eta 300 euroan jarri dituzte, BEZ barne.
Trastelekuak ere eskaini dituzte, urtean 100 euroren truke. Trastelekua eta aparkalekua, biak, hartuz gero, gainera, beste murrizketa bat aplikatuko diote azken prezioari, eta 350 euroko kostua izango dute bi alokairuen errentek. Orain artean bezala, hileko bonoak ere eskaini dituzte aparkalekuetarako; horiek 55 eurotan daude eskuragarri.
Hamabi orduz doan
Bestalde, hamabi orduz doan utz dezakete autoa aparkalekuan Alde Zaharreko biztanleek. Plaza berritu aurretik Alde Zaharreko bizilagunekin eginiko bileretan, neurri hori eskatu zuten Alde Zaharrean bizi zirenek, eta proposamen hura kontuan izanda hartu du neurria Azpeitiko Udalak. Beraz, Goiko Kalean, plazan, Enparan kalean, Erdikalean, Elizkalean, Done Jakue kalean, Txaribarko Errebalean, Perez Arregi plazan, Soreasu auzoan eta Madalenan bizi direnek udaletxera joan beharko dute izapideak egitera.
Hala ere, etxebizitza bakoitzeko auto bakar batek izango du Soreasun hamabi orduz aparkatzeko eskubidea. Txartel bat emango diete horretarako Alde Zaharreko bizilagunei. Txartela eskatzeko baldintza bakarra Alde Zaharreko etxebizitza batean erroldatuta egotea da. Behin hamabi ordu igaro ostean, 0,0089 euro ordaindu beharko dituzte minutuko Alde Zaharreko erabiltzaileek, gainontzeko herritarrek bezala.
Datozen egunetan banatuko du udalak aparkalekuei eta bizilagunen eskubideei buruzko informazioa.