EH Bilduko 73 alkategai aurkeztuko dituzte Zarautzen

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2015eko apirilaren 14a

Koalizioaren Gipuzkoako hainbat zerrendaburu aurkezteko ekitaldia larunbatean izango da, Aritzbatalde kiroldegian, 18:00etatik aurreraMaiatzaren 24ko hauteskundeak hurbiltzen ari direla-eta, alderdiak zerrendaburuak aurkezten hasiak dira. EH Bilduk lar...

Koalizioaren Gipuzkoako hainbat zerrendaburu aurkezteko ekitaldia larunbatean izango da, Aritzbatalde kiroldegian, 18:00etatik aurrera

Maiatzaren 24ko hauteskundeak hurbiltzen ari direla-eta, alderdiak zerrendaburuak aurkezten hasiak dira. EH Bilduk larunbatean egingo du Gipuzkoa mailako aurkezpen ekitaldia, Zarautzen. Bertan, Zarauzkoaz gainera,probintziako 72 herritako alkategaiak ere emango ditu ezagutzera. Jakinarazi dutenez, kanpainari «gogotsu, alaitsu eta kementsu» heltzeko hitzordua izango da Aritzbatalde kiroldegian 18:00etan egingo dutena.

Bakarren batzuk zehazteke badaude ere, aurreratu dute EH Bilduk 40 alkategai berri izango dituela Gipuzkoan. Alkategai berri horien artean zenbait Urola Kostakoak dira. Orion Emeterio Iribar izango da koalizioko zerrendaburua. Lau agintalditan herri mailako politikan aritu da Iribar; 1985-1987, 1987-1991, 1991-1995 eta 1999-2001 agintaldietan zinegotzi izan zen Orioko Udalean. Guztira 12 urte eman ditu udaletxean.

Hilaren 23an egingo du Orioko EH Bilduk ekitaldia 19:00etan Kultur Etxean, eta bertan aurkeztuko du udal hauteskundeetarako lantaldea. Talde «anitza eta sendoa» dela ohartarazi du Iribarrek, eta «EH Bilduren oinarrian dagoen elkarlanarekin eta babesarekin lan bikaina» egingo duela. Erantsi du «udalaren kudeaketa hobetu eta herriko eragileekin elkarlanean aritzeko pertsona egokiekin» osatu dutela. Iribarren atzetik zerrenda osatzen dute Amaia Dorronsorok, Gotzon Igoak, Amagoia Iribarrek, Bixente Lasak, Aizpea Ubegunek, Asier Sarasolak eta beste hainbatek.

Zestoan, berriz, Mikel Arregi Ertxin aurkeztu da EH Bilduko alkategai gisa. Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioko presidentea da, eta politikan aritua da. Herri Batasuneko Mahai Nazionaleko kide izan zen, 1997an atxilotu zuten arte. Lau hilabete espetxean igaro ostean, aske gelditu zen, baina epaiketa eta gero beste bi urte igaro zituen kartzelan. 35/02 sumarioan auzipetuta egon zen. Absolbitu egin zuten.

Zestoako EH Bilduk prestatu duen herri programaren berri ere eman du. Arlo sozioekonomikoak izango du garrantziarik handiena; besteak beste, asmoa dute elkartasun mahaia hilero elkartzen hasteko eta ekonomia suspertzeko aholku batzorde bat osatzeko. Datozen egunetan dira hautes zerrendaren berri ematekoak.

Zarautzen ere alkategai berria izango da: Mikel Goenaga. Egun Mugikortasuneko eta Herrilanetako zinegotzia da, besteak beste, eta horrek hartuko dio lekukoa Juan Luis Illarramendi alkateari. Zarautzen ere datozen egunetan dira EH Bilduko alkategaia eta haren taldekideak aurkeztekoak. Aian eta Zumaian ere alkategai berriak aurkeztu ditu koalizioak: Eñaut Gurutzeaga eta Alex Oliden, hurrenez hurren.

Azpeitian, Etxeberria

Eneko Etxeberria egungo Azpeitiko alkatea aurkeztu da EH Bilduren zerrendaburu gisa bigarrenez. Horrek lantalde «sendoa, anitza, bizia, gaztea eta lanerako prest dagoena» izango du ondoan: zerrendan hurrengoak izango dira Estitxu Elduaien, Agustin Lizarralde, Leire Etxaniz, Iosu Labaka, Ainhoa Beristain eta Aitor Bereziartua, besteak beste. Martxoaren 28an egin zuten batzar irekian eman zioten onespena zerrenda proposamenari, gehiengo osoz. Hautagai taldea prozesu parte-hartzaile baten bidez osatu dute.

Getarian ere Nika Lertxundi alkateak segituko du EH Bilduko zerrendaburua izaten. Eskualdeko gainontzeko herrietan—Aizarnazabal, Azkoitia, Beizama eta Errezil—ez dituzte oraindik koalizioko alkategaiak zehaztu. Horiek apirilaren 20ra arteko epea dute; egun hori da hautagaiak aurkezteko azken eguna. Ondoren, hilaren 27an, Hauteskunde Batzordea onartu beharko ditu hautagaien zerrendak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide