Maratoi Erdiaren atarian, Diego Garcia zenaren izaera gogoratzeko hitzaldiak egingo dituzte. «Goi mailako markak» egiteko moduko korrikalariak izango dira etzi.
Diego Garciaren oroimenezko Azkoitia-Azpeitia Maratoi Erdiaren atarian, korrikalari azkoitiarra nor zen azalduko diete gaur eta bihar Azkoitiko eta Azpeitiko Hezkuntzako seigarren mailako umeei, eta haren «izaera eta kirol bizitza» gogoratuko dute. Gaur Azkoitiko Elkargunean izango da hitzaldia, 11:30ean, eta bihar Azpeitiko Sanagustin kulturgunean egingo dute, 11:00etan.Lasterketaren sorreraz ere hitz egingo dute, eta eliteko korrikalariekin hitz egiteko aukera ere izango dute hitzaldietan, atzo arratsaldean baitziren iristekoak lehenengoak. Besteak beste, Emmanuel Beth eta Thomas Ayeko iritsi ziren atzo, baina antolatzaileek adierazi dute gaur eta bihar iritsiko direla gehienak. Horien artean izango dira Samuel Theuri Mwaniki, Erick Kimaru Tirop, Stephen Omiso Arita, John Kemboi, Monica Jepkoech, Dawit Wolde, Zewdenesh Ayele, Edwin Kipsang eta Justus Kangogo.
Beste urte batez «goi mailako markak» egiteko moduko korrikalariak egongo direla aurreratu dute antolatzaileek, horien helburua baita bi errekorrak haustea. Hain zuzen, Elena Congost atleta paraolinpikoa munduko maratoi erdiko marka berria ezartzeko asmoz joango da Azkoitia-Azpeitia Maratoi Erdira. Otsailaren 16an munduko errekorra ezarri zuen Bartzelonako Maratoi Erdian, 1:23:30 denborarekin. Horrez gain, Londresko Olinpiar Jokoetan zilarrezko domina lortu zuen, eta munduko txapelketetan «podium garrantzitsuak» lortu ditu.
Antolatzaileek aurreko astean egin zuten prentsaurrekoan jakinarazi zituzten korrikalariez gain, beste hainbat izen aipatu dituzte larunbateko saiorako; hala nola, iaz erbi lan «bikainak» egin zituen Moses M. Kurong ugandarra eta «Espainiako Estatuko korrikalari onenetakoa» den Javi Guerra azpimarratu dituzte, Ivan Fernandez eta Lolo Penasekin batera.
Gaur gauerdian amaituko da izena emateko epea, eta Xeyeren arabera, gertu dute 1.000 korrikalariko muga. Maratoi erdirako 1.300 dortsal salduko dituzte, eta izena eman daiteke www.azkoitia-azpeitia.com helbidean eta Azpeitiko Robers Kirolak eta Forum Sporten, Azkoitiko Plaza Berri Sporten, Donostiako Robers Kirolaken eta Usurbilgo Forum Sporten (Urbil).
Atletismoan federatuta daudenek 26 euro ordainduko dituzte, eta federatu gabekoek 30 euro. Lasterketa herrikoirako, berriz, korrikalariek 15 euro ordainduko dituzte, eta patinatzaileek 17 euro. Larunbatean, 16:30ean hasiko da maratoi erdia, Azkoitiko Julio Urkijo kaletik, eta korrikalariek 21 kilometro egingo dituzte betiko ibilbidean. Lehenengo, ordea, proba herrikoia hasiko da, 7,5 kilometrotako ibilbidearekin; patinatzaileak 16:10ean abiatuko dira, eta korrikalariak bost minutu geroago. Antolatzaileek proban parte hartzera eta «atleta handiekin batera korrika egitera» animatu dituzte herritarrak.