Azkoitiko eta Azpeitiko Udalen Iraurgi Berritzen agentziak 150.000 euro bideratu ditu ekintzailetasuna sustatzeko. Joan den urtean jarri zuten diru laguntza hori lehen aldiz, eta 2015eko deialdiari eustea erabaki dute udalek. Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak esan du langabezia tasa %14,2koa dela Azpeitian, eta %13,9koa Azkoitian; horregatik ari dira «lehentasuna» ematen ekonomia sustatzeari eta lanpostuak sortzeari bi herriak. «Tasa horiekin ezin dugu beste aldera begiratu», esan du Etxeberriak. Laguntza horiekin 61 lanpostu sortu zituen Iraurgi Berritzen-ek joan den urtean, eta helburu bera dute 2015erako.
Hiru lerrotan banatu dituzte laguntzak, 2014ko deialdian bezala: batetik, autonomoak edo hitzarmen sozialeko bazkideak daude. Haiei, gehienez, 5.000 euro emango dizkiete. Hamar bazkide baino gehiagoko enpresek, ordea, baldintza bereziak izango dituzte. Aurten, gainera, berrikuntza gisa aholkularitza ere eskainiko du Iraurgi Berritzen-ek. «Laguntza ez da ekonomikoa soilik izango, ideiak garatzen eta bideratzen lagunduko diegu ekintzaileei», esan du Begoña Beobide agentziako ordezkariak.
Bigarren lerroa ekonomia sozialera dago bideratuta. Sail horretako proiektuek ere 5.000 euro jasoko dituzte, gehienez.
Azkenik, hirugarren esparruan daude berrikuntza enpresetan txertatzeko moduko proiektuak, hala nola, adinekoekin lotura dutenak, Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologia Berriak oinarrian dituztenak, industria 4.0-ra bideratuak, turismoarekin lotura dutenak nahiz nanoteknologia lantzen dutenak.
Hirugarren lerroko proiektuek, gehienez, 10.000 euroko diru laguntza jasoko dutela azaldu dute.
Baldintzak eta epeak
Laguntzak jasotzeko hainbat baldintza bete behar dira. Batetik, Azkoitian edo Azpeitian sortutako enpresa berriei zuzenduta daude. Besttik, 2014ko abenduaren 1etik 2015eko urriaren 31ra bitartean hasitako proiektuak izango dituzte kontuan. Horrez gain, langabezian daudenek soilik izango dute laguntzak eskatzeko aukera, salbuespen batzuk tarteko. «Balio erantsia» eskaintzen duten proiektuetan, langileei ere emango zaizkie laguntzak.
Irekita dago proiektuak aurkezteko epea, Iraurgi Berritzen-en bulegoan bertan, eta abenduaren 1ean aterako dute ebazpena. Diru laguntzaren erdia ebazpena irtendako egunean jasoko dute onartuek, eta beste erdia, juntifikazioa entregatzean.
Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak esan du bi udalerriek lanpostuak bultzatzeko laguntzak ematen jarraituko dutela, eta «nabarmentzekoa» dela horretarako egiten ari diren esfortzua.