Gipuzkoako Foru Aldundiak abiatutako Argitu egitasmoa aurkeztuko dute gaur, Urola Erdiko Mankomunitatearekin elkarlanean. Bailara mailako aurkezpena egingo dute Azpeitiko udaletxeko udalbatzar aretoan, 18:30ean, eta egitasmoaren bidez etxebizitzetan argindarraren kontsumoa nola murriztu daitekeen azalduko dute. Bertan, Rubi herriko (Katalunia) udal ordezkariak izango dira, eta euren esperientziaren berri emango dute. Kontsumoa %18 aurreztea lortu dute han.
Aldundiak adierazi duenez, energia noiz eta nola kontsumitzen dugun jakinda, ehuneko horretaraino aurreztu daiteke. Argitu ekimenaren bidez, etxeko kaxa elektrikoan neurgailu digital bat jarri, eta etxeko kontsumo datuak kontsultatu eta alderatu daitezke. Azaldu dutenez, aplikazio informatikoa «aholkulari energetiko pertsonalizatu bat da». Hau da, etxe bakoitzera egokitutako efizientzia energetikoko neurriak proposatzen dituzte. Era berean, harremanetan jarri daitezke beste erabiltzaileekin, «kontsumoak alderatzeko eta zalantzak trukatzeko».
Edonork har dezake parte egitasmo honetan, baina hainbat baldintza bete beharko dira; besteak beste, «konpromiso pertsonala» izan behar dute. Horrez gain, urtebetez bizitokiz aldatzeko aurreikuspenik ez dute izan behar, eta Interneterako konexioa eta sakeleko telefonoa, tableta edo ordenagailua eduki behar dute etxean.