Zirrara aurpegi eta bihotzetan

Onintza Lete Arrieta 2015eko martxoaren 24a

Emozio handiko orduak izan ziren igande arratsalde-iluntzekoak Urola Kostako biztanleentzat. Ehunka eta ehunka herritarrek egin zuten bat 19.Korrikarekin.Emozio eta sentipen asko eragiten dituzte herri aldarrikapen batzuek. Bakoitzak oroitzapen eta ist...

Emozio handiko orduak izan ziren igande arratsalde-iluntzekoak Urola Kostako biztanleentzat. Ehunka eta ehunka herritarrek egin zuten bat 19.Korrikarekin.

Emozio eta sentipen asko eragiten dituzte herri aldarrikapen batzuek. Bakoitzak oroitzapen eta istorio propioak sortu eta gordetzen ditu bihotzean. Ahalmen hori dauka, esaterako, Korrikak. Ez du inor uzten epel. Euskahaldun! lelopean, 19. Korrikagatik ere horixe nabarmendu behar. Oriotik Errezilera bitartean, korrika egin zuten herritarren aurpegiek, eta bide ertzetan haiek animatzen zeuden herritarrenek, poztasuna, zirrara, emozioa zuten ezaugarri. Orioko ikusle batek hala zioen: «Euskararen aldekoa delako bultzatu behar da, emozio handia da, nahiz eta gero gaztelaniaz hitz egin». Batzuek egin zuten autokritika edo hausnarketa hori.

Donostia pasa, Lasarte-Oria atzean utzi eta Usurbildik barrena iritsi zen Korrika eskualdera. Igande arratsaldeko lehen orduan zen heltzekoa Oriora; 14:40an. Ia ordubete beranduago agertu ziren, ordea, lasterkariak pankarta koloretsuaren atzetik. Itxaronaldiko isiltasuna animo oihu eta aldarrikapen bihurtu ziren, eta hankak gogotik astindu zituzten oriotarrek eta zarauztarrek, atzerapena nabarmen arindu baitzuten Zarauzko erdigunera iristerako. Bizi-bizi igaro zituzten herriko kaleak, eta kostako errepidetik egin zuten Getariarako bidea. Jendetzak egin zien ongietorria han ere; festa giroanitxapero eta guzti egin zuten erdiguneko buelta, eta Zumaiara arteko tarte luzea etorri zen gero. Paisaiaren eta eguraldiaren laguntzarekin ateri eutsi baitzion iritsi ziren Zumaiara, eta han ere harrera beroa. Adin guztietako herritarrek egin zuten bat Korrikarekin. Lekukoa eramaten ordezkaritza zabala; eta hala, Zestoara arte. Zestoarrek ere itxaron egin behar izan zuten euskararen alde beren alea jartzeko, baina merezitako itxaronaldia izan zela erakutsi zuten.

Azpeitira bidean, Lasao parean, aizarnazabaldarrek ere Korrikarekin bat egiten dutela erakutsi ahal izan zuten: hantxe eraman zuen lekukoa udalak. Azpeitian ere jendetza zain, zirrara eta emozioa nagusi pausoz pauso, eta Azkoitian berdin. Iluntzen hasita jada, baina ez zituen azkoitiarrak etxean utzi horrek. Azpeitiarrei eman zioten lekukoa, eta han bigarren buelta egin ondoren, Errezilerako aldapari ekin zioten, gogotsu, ilunpetan errezildarren aldarri ozenaren txanda iritsi arte.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide